PROPOSAMENAK

Egun biribila Leitzan

Leitzako Udalak eta Plazaola turismo partzuergoak antolatuta, Talo Eguna egingo dute igandean. XVII. ekitaldia izango da aurtengoa, eta Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin batera egingo dute

Herriko emakume batzuk, taloak egiten, aurreko ekitaldi batean. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egun biribil bat, taloaren inguruan antolatua: jakia bera, hura egiteko modua, hura jateko era, eta atzean duen tradizio guztia erakusteko grina. Leitzako Udalak (Nafarroa) eta Plazaola Turismo Partzuergoak antolatuta, igandean egingo dute Talo Eguna. XVII. ekitaldia da aurtengoa —guztiak egin dituzte jarraian, 2020an pandemiagatik egiterik izan ez zutena kenduta—.

Erreferentziazkoa da egun hori talozaleen artean, eta guztiz errotua dago eremu hartan; aurten, badu berritasun bat: Mendialdeko Azoka Ibiltariarekin batera egingo dute. Azoka hori Nafarroako mendialdeko hainbat herritatik igarotzen da urtean zehar—Arano, Areso, Araitz, Atetz, Basaburua, Goizueta, Imotz, Larraun eta Lekunberri, besteak beste—, eta taloaren bueltan antolatutako eguna baliatuko dute hainbat artisauk, taloari lotutako elikagaiak saltzeko: gazta, txistorra...

10:30ean hasiko dira talogileak lanean. Leitzako Saralegi taloak eta Saldiasko talogileak dira aurtengo ekitaldira gonbidatu dituztenak —Kristina Saralegi zenaren alargun Joxe Manuel Huizik darama orain negozioa—. Izango dute bisitariek talo aukera: gaztarekin, txistorrarekin eta hirugiharrarekin egindakoak bai, baina gulekin, onddoekin eta txokolatearekin egindakoak ere bai. Egongo da ontziratutako taloak dastatzeko aukera ere.

«Taloa protagonista izan arren, tokiko elikagaiek eta eskulanek ere leku berezia izango dute», aurreratu dute antolatzaileek. Ordu berean hasiko baita azoka ere, gainontzeko postuekin: gazta, pateak, arrautzak, eztia, gozokiak, garagardoa, bitxiak, zeramika, oinetakoak, egurrezko tailak, larrua... Mendialdeko lehen sektoreko eta artisautzako produktuak guztiak.

11:00etan izango da txikienen txanda: talo tailerra. «Tradizioa gal ez dadin, familientzako tailerra izango da, taloak nola egiten diren ikas dezaten eta gero etxean euren trebetasuna erakusteko aukera izan dezaten», nabarmendu dute antolatzaileek.

12:30ean hasiko da lehiaketa. 10:00etatik 12:30era dago izena emateko aukera. Karrapen egingo dute, eta taloen testura, zaporea eta forma hartuko dituzte aintzat epaimahaikideek, talogilerik onena izendatzeko. XIV. aldia du lehiaketak, eta geroz eta ospe handiagoa ari da lortzen bisitarien artean. 14:00 aldera emango dute epaia, eta sarituko dute irabazlea.

Horrez gain, goiz osoan zehar, taloarekin zerikusia duten nekazaritza tresnen bilduma ere ikusgai izango da herrian. Leitzako Udalaren webgunean (leitza.eus) eta partzuergoarenean (plazaola.org) daude jasota Talo Egunaren xehetasun guztiak.

Talo Eguna



Igandean, 10:30ean hasita,Leitzan (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.