Etxegabeentzako baliabideak

Kalea gorria da abuztuan ere

Abuztuan itxita egongo da Donostiako etxegabeentzako Gaueko Aterpea aterpetxea; bitartean, beste toki batera lekualdatuko dituzte erabiltzaile gehienak. Dena dela, aurrera begira konponbide finkoak behar direla nabarmendu dute kalean bizi direnekin lan egiten duten eragileek.

Donostiako Zorroaga auzoan dago Gaurko Aterpea; 2012ra arte Neguko Aterpea zuen izena, eta hilabete hotzenetan baino ez zegoen zabalik. Egun, aldiz, 11 hilabetetan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Urtean 11 hilabete. Hori da Donostiako etxegabeentzako Gaueko Aterpea aterpetxearen irekiera epea. Alegia, urte osoan, abuztuan izan ezik. Baina gauzak aldatu beharra nabarmendu du Irabazi Donostia talde politikoak; mozioa aurkeztu berri du udaleko osoko bilkuran, hamabi hilabetez zabalik egon dadin. Ez hori bakarrik. Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanen jarrera ipini du jo puntuan: jeltzaleak esan du euriak ez duela arriskuan jartzen pertsonen bizia. «Onartezina» da aipu hori, Irabaziko partaide Loic Alejandroren aburuz. Soka luzea ekarri du gaiak.

Zentroaren hastapenetan jarri behar da fokua. 2012ra arte, Neguko Aterpea deitzen zen, eta hilabete hotzenetan baino ez zegoen irekita. Bilduren ekinez, buelta eman zuen egoerak, ordea. Jon Albizu zen Gizarte Ongizateko zinegotzi orduan. Haiek adostu zuten 11 hilabetez egotea martxan. «Hilabeteko etenaldia mantentze lanak egiteko adostu genuen: margotzeko, berriketak egiteko, oheak aldatzeko...». Abuztuan geratzea erabaki zuten, «espero izatekoa delako eguraldi hobea egingo duela».

Gaia zabal hartu nahi izan du Albizuk. Izan ere, Donostian badira gaua pasatzeko beste eraikin batzuk ere —esaterako, udalarena den Abegi Etxea, eta Caritasek eta Gurutze Gorriak kudeatutako hainbat toki—. Horregatik, Gaueko Aterpea ixteak ez du eragiten kalean daudenak beste aukerarik gabe geratzea, haren aburuz. Gogora ekarri du zerbitzuaren nolakotasuna, halaber: exijentzia maila apalekoa da. Alegia, astero berritu behar dute txartela bertan daudenek, ez baitute toki finkorik. Azpiegiturei dagokienez, gela handi bat dauka 40 oherekin, eta, beraz, ez da inoren bizitoki behin betikoa. Itxita egon izan den abuztu guztietan erabiltzaile «gehienak» lekualdatu dituztela esan du.

Haatik, badaki hobetu beharra dagoela. «Segur aski, posible litzateke zerbitzua 365 egunez izatea. Guk aurretik zegoena bikoiztu egin genuen, eta hurrengo gobernuari dagokio guk utzi genuen baino hobeto uztea orain. Eta ez diot EAJri ezer leporatzearren».

Auzi «labainkorra» dela aitortu du. Ondorioz, horren inguruan esandakoak «neurtu» egin behar direla iruditzen zaio. «Jendea oso egoera larrian dago, eta ezin dugu edozein gauza esan», azpimarratu du.

«Euriak ez du hiltzen»

«Lokalaren helburua da jendea hotzak ez hiltzea». Aitziber San Roman zinegotziarenak dira hitzak. Udalean sortutako ika-mikarekin Gaueko Aterpearen izaera desitxuratzen ari dela salatu du. «Irabazi taldea etengabe esaten ari da aterpe bat dela, baina hau ez da aterpe bat. Hau exijentzia baxuko lokal bat da. Zein alde dagoen? Hau ez da leku finkoa; hemen inork ez die bermatzen tokia egongo denik». Ñabardura bat erantsi du: «Lokalaren errekurtsoak ez dira horiek. Beste kontu bat da ea lan hori egin beharko litzatekeen. Hor bat etor naiteke».

Legealdi berriari ekitearekin batera jaso zuen hark aterpetxearen kudeaketa arauen berri, etaazaldu du ez dutela denborarik izan gauzak aldatzeko. «Bilduk hartutako erabakia mantentzea erabaki dugu guk. Ba al zegoen beste aukerarik abuztua baino hilabete lehenago?», galdera erretorikoa bota du airera. Albizuk bezala, arrazoi teknikoak aipatu ditu gatazka azaltzeko orduan: «Desinfektatu behar da; zimitzak eta zorriak egoten dira toki horietan, eta, horretarako, bi aste behar dira».

Halaber, arrazoi meteorologikoak izan ditu gogoan erabilerari buruz hausnarrean. «Teknikariek esan zidaten: 'Bizia arriskuan jartzeko faktore behinena hotza da'. Izan ere, hiltzeaz ala bizitzeaz ari gara. Eta euriak ez duarriskuan jartzen kalean bizi diren pertsonen bizia. Ez da gauza bera zero gradupean egotea eta euria egitea, edo 10 gradu daudenean euria egitea».

Etxegabeen inguruan ere mintzatu da, eta egoeraren arabera moldatzen direla aipatu. «Ez dira jende tontoa. Askotan erabaki propioz kalean lo egiten duen jendeari buruz ari gara; beste batzuetan, ez. Batzuetan buruko gaitzak dauzkate, adizioak... Baina jendea ez da tontoa, eta, esaterako, hondartzako aterpeetan bila dezakete tokia», adierazi du.

Ez du, ordea, kontua arinkeriaz tratatu nahi, dioenez. «Gu oso kezkatuta gaude gai honekin», jakinarazi du. Horregatik, zerbitzua erabiltzen duten hainbat lagunen eskutan beste baliabide batzuk jarri dituzte, eta tokia eskaini diete gainerako gaueko zentroetan. Birkokatze horietarako ez dituzte propio toki berriak eskaini: lehendik etxegabeentzako zeuden ohe kopuru bera mantendu dute. Beraz, 40 toki gutxiago daude udan.

Aurrera begira, egoera konpontzearen aldekoa da San Roman. «Datorren urterako denbora gehiago edukiko dugu, eta buelta gehiago emango dizkiogu», azaldu du. Eta galdera batekin harilkatu du solasa: «Lokal horien itxiera beste era batean planteatu behar dela? Nik ez dut ezetz esango». Nolanahi ere, proposamen zehatzik oraindik ez dago mahai gainean. «Ez dut agintzen zer egingo dugun, baina, aurrera begira, ahalik eta denbora gutxien itxita egotea da helburua».

Aterpea, osotasunean

«Aterpetxeak ez dira soilik lo egiteko tokiak: kaleak eskaintzen ez duen segurtasunaz gozatzeko guneak dira; higienea izateko tokiak; hobeki elikatzeko lokalak». Osotasuna. Hori da aterpeek bermatzen dutena, Bizkaiko Caritasek koordinatutako Giltza egitasmoko Arturo Lekunberriren ustez. «Eskandalagarria» da, dioenez, Donostiako Udalaren analisia, eta «ulertezina» zaio aterpetxeen lana lo egiteko funtzio gisa baino ez hartzea. «Etxegabezia ez da hotza pasatzea bakarrik: pertsonaren ongizateari egiten dio kalte. Horregatik, gainditzeko, bizitzaren alor guztietan eragin behar da».

Bat egin du harekin Bizkaiko Beste Bi Etxegabeen Elkarteen Plataformako kide Tinixara Guanchek. Bizkaiko egoera ezagutzen du, eta talaia horretatik so egin dio errealitateari, Gipuzkoarekin alderatuz. «Guk, plataforman, urte osorako duintasunez egokitutako aterpetxeak eskatu ditugu beti. Etxebizitza eskubidea ezin da asmoen adierazpen hutsa izan: benetako eskubide bat izan behar du». Horixe da gakoa, nabarmendu duenez. «Etxebizitza gabezia da arindu behar dena, lehenik eta behin, integrazio tresna gisa. Kontua ez da soilik muturreko eguraldi iragarpenei aurre egingo dioten planak prestatzea», esan du, irmo. Donostiako kasua hartu du hizpidetzat: «Ondo dago hotzez ez hiltzeko aterpe bat, baina ez da inondik inora beharrezkoa den egiturazko konponbidea. Gizarte bazterketaren inguruko diskurtsoak berritu behar dira, baztertuen egoera kriminalizatu egiten dute-eta; askotan, kalean daudenek berez arazoa balute bezala jokatzen da. Eta bazterturik daudenek ez dute berezko arazorik; arazoa pobrezia da. Ondorioz, txirotasunari egin behar zaio aurre. Handik abiatuta, aurrera egin ahalko dute».

Etxegabeen egoera ulertzea da matazaren hari muturretako bat, Lekunberrik adierazi duenez. Herritarrak ez dira jabetzen problemaren ertzez. «Bazterketaren muturreko aldaera da etxegabezia. Etxerik ez izatea da, bazterketa parametroen barnean, gogorrena». Zer ondorio du, bada? Aho bilorik gabe erantzun du Giltzako kideak: «Higadura fisikoa dakar, hondatze psikikoa, sare soziala okertzea, estigmatizazioa, lan eta aukera ekonomikorik eza...». Pentsamendua harilkatu du Guanchek, sustrai berei tiraka: «Ez da bakarrik kalean lo egitea: kalean hiltzea ere bada, kale gorrian hiltzea, bakarrik, eta babesik gabe, zaurgarri. Zeren eta pertsona horiek hil egiten baitira; eraso egiten zaie. Kate maila galdua dira».

Donostiako aterpea akorduan, azken ohar bat gaineratu du: «Abuztuan dena gelditzen da gehienontzat, lana dugunontzat, normalizatutako bizitza daukagunontzat; ez da geratzen, ordea, munduko egoera okerrenean daudenentzat. Are okerragoa da, beraz, joateko tokirik gabe geratzea».

Herritar ikusezin horiek

Ikusezinak. Horrela deitu izan zaie beti kalean bizi direnei. Ikusezinak, ez baitira existitzen, ez gizartearen begietara, ez politikarien legeetan. «Beti egon dira baztertuta, eta krisi garaian are gehiago», zehaztu du Lekunberrik. «Pobrezia egoeran dauden pertsonek dute irabazkin politiko txikiena», borobildu du Beste Biko partaideak.

Lekunberrik segitu du ikusezintasuna aletzen. «Janaria eta atsedena ziurtaturik ez daudenean, ezin zara arduratu salaketa sozialarekin. Lehenik eta behin, oinarrizko beharrak asebete behar dituzte. Etxerik gabe dagoen pertsona bat ez dago bere egoera salatzeko modurik onenean».

Indarkeria eta heriotza. Horiexek kale gorriak dakartzan mamuak, Guanchek azpimarratu duenez. Hatento Etxegabeen Aurkako Indarkeriaren Behatokiak aurten kaleratutako txostenak arrazoia eman dio. Donostian, Gasteizen eta Bilbon bildutako datuek frogatu dute kalean bizi diren hamarretik seik erasoren bat pairatu dutela. Bizi itxaropena, gainera, gainontzeko herritarrena baino «20 eta 25 urte» laburragoa dute. «50 bat urteren bueltan» biziko da kalean dagoen pertsona bat.

Egoerak hobera egin dezan, askotarikoak dira konponbideak: eragileen eta erakundeen elkarlana, bazterketaren inguruko diskurtso berrituak plazaratzea... Eta Guanchek beste puntu bat nabarmendu du: Europaren ekina. Hori izan daiteke argi izpi bat ekar dezakeen faktorea, haren ustetan. 2020rako Europako Estrategiak etxerik ez dutenen errealitatea aldatu nahiko luke, inork kalean bizi beharrik izan ez dezan. Horretarako, estatuei eskaintzen dizkien pobrezia ezabatzeko gizarte funtsen %20 etxegabezia konpontzeko izan beharko lirateke. Hala, gizartearen eta erakundeen artean «politika osoak» garatzea izan daiteke gakoa, Beste Biko partaideak aldarrikatu duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.