'Brexit'-a. 'Tory'-en lehia

Elefantea gizendu da

'Brexit'-eko erreferendumean Europako Batasuna uzteko aukerak irabazita ere, Alderdi Kontserbadoreko sektore euroeszeptikoena etengabe indartu da. EB beti izan da tentsio iturri 'tory'-entzat.

mikel rodriguez
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batasunak eta Erresuma Batuak ez dute inoiz lortu sintonia beteko harreman bat garatzea. Erresuma Batua 1973an sartu zen batasunean, baina sartu zen unetik bertatik etxean sokatira etengabea izan du europazaleen eta euroeszeptikoen artean. Bi alderdi nagusietan gertatu da sokatira hori —lehenbiziko brexit-erako erreferenduma laborista euroeszeptikoek bultzatu zuten, 1975ean—. Euroeszeptizismoa beti izan da gelaren erdian zegoen elefantea, eta, David Cameronek bertze erreferendum bat eginen zuela iragarri zuenetik, elefantea mugitu ez ezik, gizendu ere egin da. Hainbertze, ezen herritarrek EB uztea erabaki ondoren ere gizentzen jarraitu baitu, gelaren zimenduak astintzeraino.

Euroeszeptizismoaren labela laborismoak zuen hastapeneko urteetan. 2016ko erreferendumaren aitzineko urteetan, berriz, UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiak hartu zuen EBren aurkako jarreraren abangoardia itxura; hori izan zuen sortzeko arrazoi, eta horren bidez handitu zuen ordezkaritza politikoa. Orain, ordea, Alderdi Kontserbadorearen barrenean dago euroeszeptizismoaren indarrik handiena, gelako elefanterik gizenena. EBrekin lotura oro errotik moztu nahi dutenen jarrera handitu baino ez da egin brexit-aren aldekoek erreferenduma irabazi zutenetik, eta negoziazioen noraezean ikusi zuten alderdian boterea hartu, eta, hortaz, herrialdearen lema ere hartzeko aukera. «Gu gara Alderdi Kontserbadorearen joera nagusia», aldarrikatu zuen Owen Paterson brexit gogorraren aldeko diputatuak joan den urriaren hasieran Birminghamen, tory-en kongresuaren harira egin zuten bilkura batean.

Theresa Mayren aitzineko hiru buruzagi kontserbadoreek ere barne tentsio handiak eduki zituzten EBrekin hartu beharreko jarreraren ondorioz, eta agintea galtzeko arrazoi nagusietako bat izan zuten —Margaret Thatcherrek 1990ean, John Majorrek 1995-1997 artean, eta Cameronek 2016an—. Erreferendumera deitzeko aukera bidea urratzen hasi zenean erein zen orain anitz handitu den Alderdi Kontserbadorearen sektore horren hazia.

2012ko uztaila zen, eta Cameronek Sunday Daily Telegraph aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen adierazteko EBk «erreforma bat» behar zuela, eta Erresuma Batuak, berriz, erreferendum bat egin beharko zukeela batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko. UKIP hazten ari zen urte horietan, eta tory euroeszeptikoek alderdiaren zuzendaritzari presio egiteko abagunea ikusi zuten. Alderdiko ehun kidek eskutitz bat bidali zioten Cameroni erreferendum bat eskatzeko. Urte horretako kongresuan Cameronek berretsi egin zuen erreferendum bat egiteko asmoa, baina gaia «oraingoz» alde batera uztea gomendatu zuen. Elefantea hazi baino ez zen egin, eta lehen ministroa 2015eko hauteskundeetara aurkeztu zen erreferenduma egiteko proposamenarekin. Gehiengo osoz irabazi zuen.

Batasunaren porrota

Cameronek EBn gelditzeko aukera babestu zuen 2016ko ekainaren 23an. Kontrakoak irabazi zuen, eta horrela bukatu zen haren ibilbide politikoa. May gailendu zen hura ordezkatzeko lehian; Barne ministroa zen, erreferendumean EBren alde bozkatu zuen, baina kanpainan parte hartu gabe. Cameronen ildoko moderatu bat, brexit gogorraren aldekoak eta EBren aldeko jarrera hartu zutenak batzeko helburuarekin. Bertzeak bertze, sektore gogorren ordezkari ezagunak gobernuan sartu zituen. Ezagunena, Boris Johnson Londresko alkate ohia, Atzerri ministro izendatu zuen.

Sektore horrentzat, ordea, agintea hartu zuenetik Mayk amore eman die EBren exijentziei. Joan den urriko kongresuan ez zuten ekinaldirik egin haren kontra, baina, Mayk Bruselarekin egindako akordioari buruz Komunen Ganberak egitekoa zuen bozketa gibelatu ondoren, atzo egoki ikusi zuten hainbertze denboran itxarondako erronka jotzea. Elefantea behar bertze gizendu zela erabaki zuten.

Theresa Mayren azken hatsa

Galesen lehen ministroa ordezkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.