Koronabirusa

Immunizazioa gora doa, baina herrialdeen arteko aldeak nabarmenak dira

Herrialde batzuetan populazioaren %80 ere txertatu dute, baina Afrikan %4ra baino ez dira heldu. Txertoak eskuratzeko arazoak dituzte herrialde askok, Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez

Juanma Gallego.
2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Arabiar Emirerri Batuak, Portugal, Qatar eta Malta: populazioaren zatirik handiena txertatua duten munduko herrialdeen zerrendan goiko postuetan daude. Horietan, biztanleen %80k baino gehiagok COVID-19aren kontrako txerto baten pauta osoa dute. Zerrenda horren beheko postuetan daude Txad, Yemen eta Kongoko Errepublika. Oso bestelakoa da hango egoera: populazioaren %0,10 baino ez dago guztiz txertatuta.

Munduan non jaio, horren araberakoa izan ohi da patua, baita txertoei dagokienez ere. OME Osasunaren Mundu Erakundeak behin baino gehiagotan salatu du arrakala hori. Bereziki esanguratsua da Afrikako herrialde gehienen egoera. Kontinentean 1.300 milioi lagun inguru bizi dira, baina horietatik %4k besterik ez dute hartu momentuz pauta osoa. Irailaren amaierarako Afrikako populazioaren %10 txertatua izatea nahi zuen OMEk, baina osasun erakundeak dagoeneko onartua du ez dela mugarri horretara iritsiko.

Joan den astean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiari hasiera emateko diskurtsoan, Antonio Guterres idazkari orokorrak salatu zuen «lizuna» dela oraindik Afrikako herritarren %90 lehen dosia hartzeko zain egotea. «Porrot etikotzat» jo zuen egoera hori. Aitortu zuen «zientziaren arrakasta» izan dela txertoak hain azkar garatu izana, baina erantsi zuen lorpen hori alferrik galduta dagoela, «borondate politikoaren faltagatik, norberekoikeriagatik eta konfiantzarik ezagatik».

Mundu mailakoa

OMEk eta aditu askok ere behin baino gehiagotan azpimarratu dute mundu globalizatu batean herrialdeka edo eskualdeka lortutako immunizazioa ez dela nahikoa birusaren zabalpena mugatzeko. Aldiz, mundu mailako immunizazioa lortu ezean, aldaera berriak hedatzea errazagoa izango dela. Afrikaren kasua da. Bartzelonako CIDOB ikerketa zentroko Eduard Soler politologoak azaldu du han hain immunizazio maila baxuak izatearen arrazoia «merkatuetara sartzeko zailtasunei lotuta» dagoela. Adituaren arabera, txertoen prezioak muga bat dira Afrikako herrialdeentzat, baina ez du hor ikusten arazoaren muina. Haren aburuz, trabarik handiena da ez dagoela eskaintzarik. «Herrialde askok espero zuten txertoak iritsiko zitzaizkiela Covax programaren bitartez edota Indian ekoitzi behar ziren txertoen kontratuen bitartez. Dakigunez, duela hainbat hilabete egoera okertu zenean, Indiak erabaki zuen ekoizpenaren zati garrantzitsu bat bere populazioarentzat gordetzea». Ia urte erdiz txertoen esportazioak geldituta eduki ostean, joan den astean Indiako Gobernuak iragarri zuen urritik aurrera berrekingo diola txertoak esportatzeari.

Alabaina, herrialde aberats askotan arazoa bestelakoa da orain: txertaketaren erritmoa dezente moteldu da. OMEk berak «kezka handia» agertu du Europan txertoak onartzeko «geldialdiarekin». Hans Kluge OMEko Europarako zuzendariak bi arrazoi aipatu ditu egoera azaltzeko: batetik, Eurasiako herrialde batzuetan txertoak lortzeko zailtasunak daudela; bestetik, batzuetan txertoekiko mesfidantza dagoela. Ez da Europako arazoa bakarrik. Morning Consult enpresak hamabost herrialdetan egindako inkesta baten arabera, Errusian dago txertoarekiko mesfidantzarik handiena: herritarren %28k ez dute jartzeko asmorik. Ondoren datoz AEB Ameriketako Estatu Batuak (%17), Alemania (%12) eta Frantzia (%10). Kontrako norabidean, Txinan eta Indian, berriz, apenas aurkitu duten txertoen kontrako jarrerarik.

Hala, gero eta gehiago dira derrigorrezko txertaketaren alde egiten duten agintariak. Momentuz, Tajikistan eta Turkmenistan dira heldu guztientzako derrigorrezko txertaketa ezarri duten herrialde bakarrak. Herrialde gehienek pizgarrien alde egin dute; kasurako, jardun askotan COVID-19 ziurtagiria aurkeztera derrigortuz. Baina gero eta gehiago dira populazioaren zenbait taldetarako derrigorrezko txertaketa eskatu duten agintariak.

Ipar Euskal Herrian, ezagunak dira Frantziako presidente Emmanuel Macronek osasun langileak halabeharrez txertatzeko abiatu dituen neurriak. Errusian, Grezian eta Italian ere pausoak eman dituzte norabide horretan. Kasurako, Italiak ebatzi du urriaren 15etik aurrera ezinezkoa izango dela lanpostu batera joatea osasun ziurtagiria aurkeztu gabe. Neurriak 23 milioi langileri eragingo die. Txertoa hartu nahi ez dutenek testak egin eta aurkeztu beharko dituzte.

Antzeko estrategia baliatu dute AEBetan: irailaren erdialdean, gobernu federaleko langile orori txertoa nahitaez jartzea eskatu zuen Joe Biden presidenteak. Bi milioi lagun inguruk lan egiten dute gobernu federalarentzat. Sektore pribatuan ere antzeko bidea jorratu ahal izateko plan bat abiatu zuen. Neurriak ehun langile baino gehiago dituzten enpresetako langileei eragiten die: orotara, 80 milioi bat laguni.

Erabilpen politikoa

Munduan polemika sortu duen beste gai bat hirugarren dosiari dagokio. Izan ere, hainbat herrialde dagoeneko hasi dira txertoaren hirugarren dosi bat jartzen. Ohi bezala, horretan Israel izan da aurrean. Populazio osoari Pfizer etxeko hirugarren dosia eskaintzen hasiak dira Ekialde Hurbileko herrialdean. Beste leku askotan, momentuz bederen, populazio zaurgarrienari besterik ez diote jarriko.

OMEk behin baino gehiagotan eskatu du hirugarren dosi hori txertoen beharra duten herrialdeei bideratzeko. Litekeena da horretan ere mugimenduak izatea. Aurretik ere gertatu da horrelakorik, Eduard Solerrek gogora ekarri duenez: «Munduko potentzia nagusiak txerto propioak garatzeko gai izan dira, eta txertoak erabat sartu dituzte beren kanpo politiketarako erreminta kutxan. Errusia eta Txina izan ziren hori egiten aurrenak, oso modu nabarian, potentzia gisa beren estatusa baieztatzeko estrategia baten barruan, eta baita beren eragin eremuak zabaltzeko ere».

Adituak uste du AEBentzat eta EBrentzat «konplikatuagoa» izan zela txertoen erabilpen politiko hori martxan jartzea. «Haien populazioak txertatzeko presio handiagoa zuten. Gainera, populazio zaharragoa dute, eta, ondorioz, zaurgarriagoa. Halaeta guztiz ere, soberakinak dauden heinean, hasiko dira dohaintza gisa ematen nazioarteko kolaborazioko politiketan eta estrategia diplomatikoetan». Momentuz, herrialde txiro askok oraindik ere Txinako eta Errusiako txertoen alde egingo dute. Solerren arabera, arrazoia ez da bloke politiko batean kokatzea, txertoak «erraztasun handiagoz eskuratu ahal izatea» baizik. «Munduko herrialde gehienek nahi dute ahalik eta hornitzaile gehien eduki, baita hegoaldekoek ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.