Katalunia. Greba orokorra

'Turandot' ere greban

Lizeoko langileek, Seat-ekoek, Bonpreu denda katekoek eta Parla Telecomekoek iragarri dituzte geldialdiak gaurko. Katalunia geratzea espero da, eta jendetza batzea 17:00etan, Bartzelonan

gurutze izagirre intxauspe
Bartzelona
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun

Bartzelonako Lizeoak komunikatu baten bidez jakinarazi du urriaren 10etik 25era programatuta daukan Turandot operaren emanaldia bertan behera utziko dutela gaur. Palau de la Musicak ere bertan behera utzi du gaurko programazio guztia. Familia Santuaren tenpluko langileei debekatu egin diete greba egitea, baina Picnic per la republica-k gosari bat antolatu du han. Bonpreu supermerkatuek mezu bat helarazi diete langileei —4.290 behargin eta 150 saltoki Katalunian—, esanaz denda guztiak itxita egongo direla, mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte eta egun horretako soldatarik ez dietela kenduko esan diete. Parlem Telecomek ere bat egin du geldialdiarekin, eta langileei ez zaie soldatarik kenduko. Baina agian Kataluniak gaur ezagutuko duen geldialdiaren tamaina Seatek Martorellen duen lantokiak eman du. Zuzeneko 14.000 lanpostu sortzen ditu, eta zeharkako beste milaka. UGTk ohar bat kaleratu du esanaz bertan behera geratzen dela enpresaren jarduera atzo arratsaldeko txandatik hasita gaur gaueko txandara arte. La Caixak ere ohar bat kaleratu du, langileei etxean geratzeko esanaz. Irakaskuntzan ere greba deialdiak daude.



Gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Generalitateak, eta Renfek zerbitzuen %33 izango ditu, besteak beste.

Grebarako deialdia Intersindical-CSC-k eta Intersindical Alternativa de Catalunyak egin zuten 18rako, aste honetan buruzagi independentisten kontrako epaia etorriko zela aurreikusita. ANCren eta Omniumen Askatasunaren Aldeko Martxak ere gaur iritsiko dira Bartzelonara, eta bat egingo dute 17:00etan, Salvador Spriu lorategietan sindikatuek egin duten deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.