Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera

Cuixarten abokatuak biltzeko eskubidearen defentsa egin du

Roigek azken hitzartzean esan du manifestazioak «eskubide bat» direla, «ez pribilegio bat»

Igor Susaeta.
Madril
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Espainiaren batasuna «babestu» nahi izateak ezin du, Jordi Cuixarten abokatu Marina Roigen ustez, oinarrizko eskubideen balitzea «okertu». Eta, Omnium Culturaleko presidentearen legelariarentzat, biltzeko askatasuna «eskubide bat da, ez da pribilegio bat». Hain zuzen, Roigek pentsatzen du hori gauzatu zutela 2017ko irailaren 20an milaka herritarrek Bartzelonan, Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinean poliziak egiten ari ziren miaketak salatzeko elkarretaratze bat egin zutenean. Fiskaltzarentzat, Cuixartek «masak adoretu zituen» Espainiako Poliziaren aginteari aurre egiteko; horregatik egozten dio matxinada delitua. Roigek atzo Gorenean nabarmendu zuenez, biltzeko eskubidearen baliatze «legitimoa» gertatu zen orduan, eta Omnium Culturaleko presidenteak modu baketsuan jokatzera deitu zituen herritarrak.

Cuixarten, Carme Forcadellen eta Dolors Bassaren defentsek argudiatu zuten fiskaltzaren ondorioek ez dutela oinarririk, eta ez dagoela inongo arrazoirik haien bezeroak matxinadagatik zigortzeko. Meritxell Borrasen eta Santi Vilaren abokatuek, bestetik, txostenak aurkeztekoagerraldia baliatu zuten fiskaltzak kontseilari ohiei leporatzen dien diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua baliogabetzeko.

Fiskaltzaren esanetan, buruzagi independentistek konstituzioa «eraisteko» ahalegina egin zuten 2017ko udazkenean. Roigi iruditzen zaio ez dagoela «demokraziarik gabeko» konstituziorik, «ez eta demokraziarik herritarren parte hartzerik gabe». Zehazki irailaren 20ko gertakariei erreparatuz, azpimarratu zuen ez zela kontainerrik erre, ez hiriko altzaririk, ez zela armarik erabili, ez zela ezustean erasorik egiteko asmorik egon. «Protestarako elkarretaratzeak izan ziren, eta gorabeherak, bakanak».

Urriaren 1eko gertakariei dagokienez, ekintzaile sozialaren abokatuak adierazi zuen herritarren asmoa ez zela izan polizien jarduna eragoztea, «baizik eta protesta egitea erreferenduma debekatzeko erabaki judizialagatik». Haren hitzetan, herritarrek hautesleku bakar batean ere ez zuten egin agenteen kontra, eta bere bezeroaren defentsan gehitu zuen «inoiz» ez zuela polizien aurka jokatzera deitu. Fiskaltzak adierazi duenez, 7.000 polizietatik 93 zauritu zituzten galdeketaren egunean. «Hori ez da matxinada delitua izateko adinako indarkeria». Berretsi zuen ez zela egon fiskaltzak aipatutako «ustezko biolentzia orokorreko» girorik. «Akusazioak ez du biolentzia horren froga bakar bat ere plazaratu». Horrenbestez, Roigek ondorioztatu du Cuixart akusatu dutela herritarren mobilizazioak «mehatxutzat» hartu direlako.

Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea zen 2017ko udazkenean. Olga Arderiu abokatuak atzo nabarmendu zuenez, epaitua izaten ari da «zenagatik, eta ez egin zuenagatik». Horren erakusle, abokatuaren ustez, fiskaltzak bere ondorioetan aipatu duela ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea izan zela 2012tik 2015era. «Epaiketa honetan, Forcadellen rola esajeratzeko nahia egon da». Azpimarratu zuen ez zuela Generalitatearen bileretan parte hartzen, eta ironiaz galdetu zuen: «Norbaitek Generalitateko kideren batekin nahastu du, agian?».

Mahaia «kriminalizatzen»

Fiskaltzak dioenez, presidente gisara zilegitasuna eman zien galdeketa eta independentzia aldarrikapena babesten zituzten legeen onespenari. Arderiuk epaimahaiari oroitarazi dio oposizioko bi taldek eskatuta txertatu zuela Mahaiak Erreferendumaren Legea irailaren 6 eta 7ko gai zerrendan. Ondorioztatu du independentismoak gehiengoa zuenean hasi zirela Mahaia «kriminalizatzen». «Ordura arte, beti ahalbidetu zen ganberan independentziaz hitz egin ahal izatea». Forcadellen egoeraren harira, adierazi zuen Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian ari direla epaitzen Mahaiko beste kideak.

Indarkeriaren erabilerari dagokionez, Arderiuk fiskaltzak plazaratutako «indarkeria normatiboa» kritikatu zuen. «Kontzeptu hori ez da agertzen Zigor Kodean. Mota penalak behartzen baditugu, ordenamendu juridikoa txikitzen dugu». Onartu zuen, herenegun mintzatu ziren defentsek egin bezala, egitekotan akusatuek desobedientzia delitu bat egin zutela .

Bassaren abokatu Mariano Bergesek, bestalde, gertakariak «gaindimentsionatu» direla esan zuen. Iruditzen zaio ordena konstituzionala ez zela «arriskuan» egon, eta matxinadak ez duela definitzen 2017ko udazkenean Katalunian gertaturikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.