Koronabirusa

Zahar etxeetan esku hartzeari atea zabaldu dio Espainiako Gobernuak

Nafarroako zahar etxeetan 51 pertsona daude birusak kutsatuta. Gipuzkoakoetan, berriz, 50

gotzon hermosilla
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako Osasun ministro Salvador Illak neurri gehiago iragarri du zahar etxeen gaineko kontrola areagotzeko, kezka handia baitago koronabirusak zenbait egoitzatan izandako ondorioez eta egoiliarrei emandako tratuaz. Espainiako Gobernuak modua eman du autonomia erkidegoek esku har dezaten «baldintzak betetzen ez dituzten zahar etxeetan», eta zahar etxe guztiak autonomia erkidegoen ikuskaritzaren pean jarri ditu.

Illak nabarmendu du bi neurri horiek «bete beharrekoak» direla, eta autonomia erkidegoei dagokiela betearaztea. Bestalde, iragarri du lantalde berezi bat antolatuko dutela, Gizarte Gai, Osasun eta Defentsa arloko ordezkariekin, gaia aztertzeko.

Euskal Herrian ere kezka dago zahar etxeetako egoera dela eta. Nafarroan, Mari Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetarako sailburuak esan du 51 egoiliarrek positibo eman dutela birusa detektatzeko probetan, eta herrialdean dauden 83 zahar etxeetatik hamabostetan topatu dutela gaixoren bat. Kezka dago batez ere Erruki Etxearen inguruan, Nafarroako zahar etxe nagusietako bat baita —530 erabiltzaile ditu—. COVID-19 kasu bat antzeman dute han, eta beste 71k sintomak dituzte. Erruki Etxeko erabiltzaile guztiak bakartu egin dituzte.

Gipuzkoako zahar etxeetan eta urritasunen bat dutenentzako zentroetan ere 50 positibo atzeman dituzte; Arabakoetan, beste horrenbeste. Gasteizko San Miguel zentroan, esaterako, 11 egoiliar hil dira, eta kasuak izan dira beste egoitza batzuetan ere. EH Bilduk eskatu dio ArabakoAldundiari bere gain hartzeko zahar etxe pribatuen kudeaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.