Hogei urteko espetxe zigorra ezarri diote Carmen Gisasolari

Espainiako Auzitegi Gorenak epaiketa berriro egiteko agindu ondoren iritsi da zigorra

Carmen Gisasola. JUANAN RUIZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak hogei urteko espetxe zigorra ezarri dio Carmen Gisasola preso ohiari, 1990ean Galdakaon (Bizkaia) egindako atentatu batean parte hartu zuelakoan. Atentatu hartan, bizikleta batean jarritako lehergailu bat leherrarazi zuen ETAk, eta polizia bat hil zuen. Gisasolarekin batera epaitu zituzten Oscar Abad Palacios eta Jose Ramon Martinez, eta errugabetzat jo dituzte, haien kontrako froga bakarra polizia etxean egindako deklarazioa zelako.

Lehenago ere epaitu zituzten Gisasola, Abad eta Martinez atentatu horrengatik, eta Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo zituen, delitua preskribatuta zegoela iritzi ziolako, baina Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen epai hura, eta epaiketa berriro egiteko agindu. Bigarren epaiketa horren ondorioz iritsi da orain jakinarazi duten zigorra. Auzitegi Nazionalaren Zigor Arloko bigarren sekzioak aintzat hartu du «bidegabeko luzamenduaren» aringarria, delitua duela 33 urte gertatu zelako eta auzibidea duela hamar urte inguru ireki zutelako.

2014an geratu zen libre

Epaiaren arabera, garai hartan Gisasola ETAko kidea zen, eta haren ardurapean zegoen erakundeak Bilbon zuen etxebizitza bat, atentatua gertatu aurreko hilabeteetan eta hurrengoetan. Etxebizitza hartan, Gisasolaren hatz marka bat aurkitu zuten, eta lehergailuak egiteko osagaiak ere bai. Auzitegi Nazionalak hortik ondorioztatzen du hark eman ziela lehergailua atentatu egileei: «Auzitegi honek ezin du sinetsi gertaera horiek kasualitatearen ondorio direnik, eta uste sendoa du Gisasolak Galdakaoko ekintza hilgarrian parte hartu zuela».

Gisasola 1990ean atxilotu zuten, eta 1998an, espetxean zegoelarik, ETAk erakundetik egotzi zuen. Oso kritiko agertu zen ETAren jarduerarekin, eta Langraiz bidea izenekoan parte hartu zuen 2008tik aurrera. 2014an libre geratu zen, espetxean 24 urte eman ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.