EHUren ordezkapen politika «okertu» izana salatu du LABek

Sindikatuak adierazi duenez, EHUko zuzendaritzak «bere erara» interpretatu du LOSU legea

Irati Alvarez Malaxetxebarria
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
LABek EHUko ordezkapen politika salatu du; sindikatuak uste du EHUko zuzendaritzak «bere erara» interpretatu duela LOSU Espainiako unibertsitate sistemaren lege berria.

LOSUren 80. artikuluaz ari da sindikatua. Artikulu horren arabera, ordezkapen bat egingo duten unibertsitateko irakasleek ezingo dute ikertu edo egiturazko kudeaketa eta koordinazio funtziorik izan. Sindikatuak salatu duenez, EHUk «ordezkoen beste politika bat» ezarri du artikulu horretaz baliatuz, eta arduraldi osokoak diren irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialeko bilakatu ditu. Aldaketak eragina izan lezake langileen lan baldintzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean.

LABek EHUko Errektoretzari eskatu dioordezkapen guztiak lanaldi osoko kontratuekin betetzeko, eta lan karga kontuan izanik lanaldi partzialeko kontratuei «soldata duina» ezartzeko. Datorren astean bilera izango dute errektoreordearekin, eta ohartarazi dute ezen, ordezkapen politika aldatu ezean, beste sindikatuekin harremanetan jarri eta mobilizazioei ekingo dietela.

Langileei begira, adierazi du ordezko irakasleek jasoko duten soldata baxuagoa izango dela lanean izango duten zamarekin konparatuta —soldata osoaren %34,29, asko jota—. LABek nabarmendu duenez, eskolak eta tutoretzak soilik ordainduko dizkiete, eta «irakaskuntzaren kalitatea larriki okertuko da»; gainera, ez dute beharrezkoak diren beste lanak egiteko denborarik izango, klaseak prestatzeko, esaterako.

Sindikatuak dioenez, irakasleak ordezkatu behar direnean, epe hori laburtzen saiatzen dira, «badakitelako gehiegizko zama dutela sail eta jakintza arlo batzuetan, etaplaza berriak ukatzen ari zaizkiela irakaskuntzan gainkarga duten sailei». Sindikatu abertzaleak dioenez, EHUko Errektoretzak esan die plan zuzentzaile bat egongo dela, baina ez dute «plan utopiko» horren berririk jaso.

Esan dutenez, EHUk irakasle-ikertzaileekin «inolako negoziaziorik egin gabe» ezarri du jada abian den ordezkoen politika. Gaineratu dute horrek lan hitzarmena eta lan poltsen akordioa «larriki» urratzen dituela.

Bide beretik, gogoratu dute orain dela gutxi ordezkapen poltsen deialdira ordezkapen osoak egiteko aurkeztu direla hainbat, «bizitza duinak» izateko asmoz, baina «iruzur» egin dietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.