Kataluniako hauteskundeak. Erreakzioak

Europan zirrikitua nola zabaldu

Negoziaziorako aroa zabaltzeko garaia dela aldarrikatu dute ehun bat eurodiputatuk eta diputatuk manifestu batean. Europako Batzordeak orain arteko jarrera hertsiari eutsi dio

Kristina Berasain Tristan.
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Carles Puigdemontek, Europako bihotzean badago ere, apenas jaso duen sostengu politikoa hiriburu geografiko eta sinbolikoan. Bruselan erbesteratu zen presidentea urriaren 30ean, errepublika aldarrikapena bera onartu eta hiru egunera, kartzela saihesteko,baina, orduz geroztik, hauteskundeak egin bitartean pasatutako 52 egunetan, ez du espero zitekeen ongietorria jaso. Junts Per Catalunyako zerrendaburu gisa independentisten garaipena lortu eta biharamunean haserre mintzatu da Puigdemont. Mezua zuzena izan da. Europako Batzordeari mintzatu zaio: «Ez diet eskaten jarrera aldatzeko, baina bai gutxienez entzun gaitzatela».

Bezperan, gauerdian, prentsaren aurrean agertu zenean, mezu bera igorri zuen presidenteak: «Uler dezala mundu osoak: Kataluniako Errepublikak 155.aren monarkiari irabazi dio». EB Europako Batasuneko agintariei emaitzak «oso gogoan hartzeko» eskatu zien; «Rajoyren errezeta esplizituki edo isiltasunaren bidez bermatu dutenei».

Europan zirrikitua zabaltzeko saiakera horretan, baina, soilik hainbat eurodiputatu eta alderdiren babesa dauka Puigdemontek. EB-Katalunia Elkarrizketa Sustatzeko Plataformako ordezkariek atzo bertan egin zuten agerraldia ehun bat politikariren babesa jaso duen manifestua aurkezteko: Crida Europea per la Democracia a Catalunya (Kataluniako Demokraziarako Dei Europarra). Osteguneko emaitzak aintzat hartutaelkarriztarako aro berri bat zabaldu behar dela aldarrikatu dute sinatzaileek. Martina Anderson Sinn Feineko kidearen hitzetan emaitzak «onartu eta errespetatu» egin behar dira: «Solas egiteko garaia da, politikarako garaia da, mahai batean eseri eta elkarrizketa prozesu bat abiatzeko garaia». Europako Batasunak «errepresio neurriak amaitzeko bere rola» jokatu behar duela adierazi du ere politikari irlandarrak.

Mark Demesmaeker Flandriako N-VA alderdi independentistako kidea da plataformako beste bozeramailea, eta bide beretik mintzatu zen esanez ezin direla «jarrera autoritarioak» onartu: «EBren oinarrian dauden eskubideak eta baloreak errespetatu behar direla esaten da, beraz, estatu kide den neurrian, sortze-printzipio horren bidez gobernatu behar da Espainia».

Diputatuen kezka

Erresuma Batuko, Irlandako, Estoniako, Esloveniako, Finlandiako, Danimarkako, Suediako eta Belgikako hainbat diputatuk babestu dute manifestua, tartean Magni Argek eta Nikolak Villumsenek. Danimarkako bi diputatuok kezka agertu dute egoera «puntu kritiko» batean dagoela iritzita. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, zentzu horretan, «ideia politikoak jazartzea helburu duten neurri zigortzaileak» atzean uzteko eta modu eraikitzailean aritzeko eskatu diote.

Europan, baina, ez dirudi zirrikiturik zabaltzeko prest daudenik, orain arteko jarrera hertsiari eutsi baitiote azken orduetan erakunde gorenetako ordezkariek. Alexander Winterstein Europako Batzordeko eledunaren hitzak entzunda ez dago zalantzarako tarterik: «Gure jarrera aski ezaguna da, erregularki berretsi dugu maila guztietan, eta ez dugu aldatuko». Emaitzek ere ez dutela jarreraz aldaraziko ohartarazi du Wintersteinek: «Eskualde bateko hauteskundeak direnez ez dugu ezer esateko».

Paris eta Berlin tesi hori berretsi dute. Frantziako Atzerri Ministerioak jakinarazi du orain arteko jarrerari eutsiko diola: «Espainiako demokraziarekiko gure konfiantza berresten dugu». Alemaniako Gobernuak, berriz,«legalitatearen eta konstituzioaren esparruaren barruan» aritzeko eskatu dio Kataluniari.

«Europarentzat garaipena»

Europako Aliantza Librea da diskurtso horretatik desmarkatu den bakarra. Autodeterminazio eskubidea defendatzen duen koalizioa pozik agertu da independentisten garaipenarekin. Gilles Simeoni alderdiko presidente korsikarrak aro berri batez mintzatu da: «Europarentzat garaipena da. Europa, gaur egun, herritarrena da, eta ez estatuena». Liberalek eta sozialistek adierazpen urriak egin dituzte, eta kontserbadoreek ez dute iruzkin bakar bat ere egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.