Katalunia. Protestak

Buchek mossoen lana defendatu du: «Ez dugu gainezka egin»

Gazte antifaxista bati jipoia eman zioten ultraeskuindarretako bi atxilotu ditu Kataluniako Poliziak. Grande-Marlaskak dio Bartzelonan neonaziak ez direla «nahi bezala aritzen»

Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilaria eta Pere Ferrer mossoen zuzendaria, atzo, prentsaurrekoan. ANDREU DALMAU / EFE.
ander perez zala
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilariak presiopean jarraitzen du, mossoen jarreraren auzian. Herenegun gauean, neonaziak ere kalera atera ziren, eta horien eta antifaxisten arteko talkak ugaritu egin ziren. Ultraeskuindar talde batek, esaterako, jipoi bat eman zion gazte independentista bati, Bartzelona erdiguneko Eixample auzoan, Balmes eta Rossello kaleen artean; lekukoek erasoa grabatu, eta sare sozialetanjarri zuten. Horri esker, erasotzaileetako batzuk identifikatu zituzten, eta mossoek atzo horietako bi atxilotu zituzten. Atzo goizaldean ere, neonazi talde batek gazte bat jipoitu zuen, aurpegia erabat puztuta utzita; antifaxistek, berriz, ultraeskuindar bati eraso egin zioten, labana handi bat zeramalako. Bi aldeen arteko talkak ugaritu diren arren, Buchek mossoen lana defendatu zuen atzo, agerraldi batean: «Ez dugu gainezka egin».

Barne kontseilariaren arabera, protesten laugarren gauean istilu kopurua «jaitsi» egin zen, baina, aldi berean, horien indarkeria «handitu» egin zen; halere, agintariaren arabera, Kataluniako Poliziak ez du «inoiz galdu egoeraren kontrola». Kritikoek, ordea, diote mossoek ez zutela ezer egin neonaziak manifestari independentistengana iritsi ez zitezen; tesi hori elikatu du, batez ere, herenegun gauean polizia batzuek ultraeskuindarrekin izan zuten jarrerak, mosso batek eskua eman baitzion protestari neonazi bati. Beste polizia batek burua laztandu zion ultraeskuindar bati, eta horrek alarmak piztu ditu ustezko harreman baten inguruan.

Buchek, baina, uko egin zion tesi horri, eta adierazi zuen Kataluniako Poliziak ez duela «inolako elkarbizitza motarik pertsona biolentoekin»; agintariaren iritziz, ulergarria da irudiak modu horretara interpretatzea, baina argudiatu zuen mossoak «bitartekaritza lanak» egiten ari zirela.

Herenegun gaueko gazte jipoituaren kasuaz, Barne kontseilariak adierazi zuen mossoek neonaziak sakabanatzea lortu ostean gertatu zela. «Gure helburua zen manifestazio antifaxistaren eta elkarretaratze ultraeskuindarraren arteko aurrez aurreko talka eragoztea. Eta hori lortu genuen».

ERC, CUP, Catalunya en Comu eta Kataluniako Biltzar Nazionala dira Buchen dimisioa eskatu duten alderdietako eta taldeetako batzuk. Egunak pasatu ahala eta protestak ugaritu ahala, presioa handiagoa izaten ari da Buchentzat. Agintariak ez du ikuspegi bera: «Nahikoa babes dut».

Zigor Kodea

Fernando Grande-Marlaska Espainiako jarduneko Barne ministroak ere babesa adierazi zien atzo mossoei, eta esan zuen neonaziak ez direla «nahi bezala aritzen» Bartzelonan, RAC1i emandako elkarrizketan. Gaualdean egindako agerraldian, protestariei ohartarazi zien Zigor Kodea «irmotasunez» erabiliko dutela haien kontra, eta sei urteko zigorrak jaso ditzaketela.

Jarduneko Barne ministroaren iritziz, poliziek «beharrezko neurriak» hartu dituzte egunotako protestetan manifestarien arteko «talka fisikoak eragozteko». Atzodanik, Guardia Zibilaren eliteko Erreserbako eta Segurtasuneko Taldearen (GRS) babesa dute, baina Grande-Marlaskak jakinarazi zuen ez dutela oraindik Katalunian ekiteko baimena.

Horrekin batera, jarduneko Barne ministroak azaldu zuen egunotako erasoak ikertzen ari direla; atzo gauera arte, 128 lagun atxilotu dituzte Katalunian, eta bederatzi behin-behineko espetxealdian daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.