Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Eskolarako buelta

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian umeak jadanik eskolara bueltatu dira, eta Hego Euskal Herrian hurrengo asteetan bueltatzeko asmoa erakutsi du Eusko Jaurlaritzak. Hala eta guztiz ere, zalantza asko daude ea hori segurua den eta ume horiek eta eskolako langile guztiek —irakasleek, garbitzaileek, idazkariek...— ez ote duten izango kutsatzeko arriskua.

Egia da COVID-19 gaixotasunaren proportzio osoan hemezortzi urtez beherako umeen eta gazteen taldea baxua dela —%2koa, oro har—, eta, gainera, ume gehienak birus honen aurrean sintomarik gabekoak direla edo sintoma arinak dituztela, baina batzuetan gaixotasun hori larriagoa da eta zainketa intentsiboetako unitateetan zaindu behar dira, eta, zoritxarrez, kasu gutxi batzuetan hil egiten dira. New York hirian, esate baterako, ehun ume baino gehiago aztertzen ari dira organo askotariko sindrome bat garatu dutelako eta, aldi berean, COVID-19 gaixotasuna dutelako.

Zalantzak daude umeak eta gazteak pertsona helduen maila berean kutsatzen diren ala ez. Txinan egindako eta Science aldizkarian argitaratu berri den lan batean aipatzen da hamabost urte baino gazteagoa den ume kutsatu baten ondoan hiru edo lau pertsona heldu daudela. Seroprebalentzia azterketak egin arte eta, beraz, antigorputzen mailak ikusi arte, oraingoz ez dago argi umeak eta gazteak zein mailatan infektatu diren eta, beraz, sintomarik izan gabe gai izan diren birusa transmititzeko.

Bestalde, Hego Euskal Herrian duela hamabost egun umeak berriro kalera irteten hasi ziren konfinamenduaren ondoren, eta batzuk lasaitasun handiz ibili dira kalean. Tamalez, bi aste horien bueltan ikusi da umeen kutsatu kopurua igo egin dela nabarmen, hamar urtetik gorakoetan igoera hori %55ekoa izanik. Pertsona helduen adin tarteetan, aldiz, ez da ikusi horrelako igoerarik.

Eskolara itzultzen diren haurrei buruz, Munduko Osasun Erakundeak ohartarazi du gobernuek zenbait faktore giltzarriri buruz hausnartu beharko luketela, ikastetxeak noiz eta nola ireki erabakitzeko: kutsaduraren eta birusak haurrengan duen larritasunaren inguruko ulermen argia izatea, lekuko epidemiologia kontuan izatea, eta ikastetxeetan prebentzio eta kontrol neurriei eusteko gaitasuna izatea. Beraz, hausnarketa horretan, tokiko gobernuak ebaluatu behar du ikastetxeek infekziorako, prebentziorako eta kontrolerako neurriak mantentzeko duten gaitasuna.

Erakunde horrek dio, besteak beste, umeen arteko distantzia fisikoa mantentzea funtsezkoa dela, bai ikasgeletan, jantokietan eta jolastokietan. Aldi berean, ume gutxiago egon beharko lirateke taldeko eta, agian, taldeak mailakatu egin beharko lirateke. Europan Danimarka izan zen lehen herrialdea umeak ikastetxeetara bueltatzeko neurria hartu zuena, eta ikasgelako bost ume sartzen dituzte euren artean bi metroko distantzia mantenduz.

Pandemiaren kontrolean gu baino aurreratuago doazen herrialdeetan neurri zorrotzak hartzen ari dira. Horrela, Hego Korean azken egunetan egon den kutsatutako kasuen gorakada dela eta, atzeratu egin dute ikastetxeen irekiera, oraingoz, astebete. Pandemia aurrera doan heinean galdera asko daude, eta erantzunak astiro ailegatzen dira, baina argi dagoena da birus honen aurrean zuhurtziaz jokatu behar dela une oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.