SERIEA. EUSKARALDIAREN OSTEKOA (ETA IX)

Hasiera baizik ez da izan

Eneko Gorri - Erabil kolektiboko kidea

2019ko urtarrilak 5
Hilabete bat pasa eta ere, Euskaraldiaren ufakoa oraindik sentitzen da Euskal Herriko hainbat txokotan. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Xiberoan ere eraman da ariketa soziala: 158 udalerrietatik 64k izena emana zuten (%43), eta euskaldunen %12k parte hartu dute, hots, 6.013 hiztunek (%38k belarriprest rola hautatuz eta %62k ahobizi). Izan dira dinamika ederra piztu duten herriak eta gehiago egin zezaketen sentsazioarekin egon direnak. Baina, oro har, usaiaz kanpoko espektatiba piztu dute 11 egun horiek.

Den-denak ados gara errateko hori guzia hats luze bateko prozesu baten hasiera besterik ez dela; 12. eguna eta ondokoak direla garrantzitsuenak. Egitasmo horri buruz bizitutakoa liseritzeko denborarik ez dugu ukan. Eta batzuek txapa ere kentzeko astirik ez dute hartu. Hala ere, beroan bero, labur-labur eta nahas-mahas gogoeta batzuk partekatuko ditut ondoko lerroetan.

Aipatu nahiko nukeen lehen puntua dinamikaren dimentsio autoterapeutikoa da. Abendu erditsutan Ipar Euskal Herriko antolaketa batzordeetako kideak bildu ginen Hazparnen; adin eta ibilbide desberdinetako militanteek gauza bera partekatzen genuen: kontzientzia hartzea! Euskaraz mintzatzeko uste baino aukera gehiago dugula, lehen hitzek bideak zabaltzen dituztela, inertziak astintzeko garaia dela... BAM ere hala izan zen. Eszeptizismoz, alferkeriaz edo biziaren errutinan leporaino sarturik, izan dira ariketa gaizki bizi izan duten ahobizi eta belarriprestak. Baina antolaketa lanetan ibilitakoentzat bateria kargatze ederra izan dela dirudi. Bederatzi hilabetez bide egin dugu, ezezagunak ziren kontzeptu batzuk azaleratuz (lehen hitza, ahobizi, belarriprest, eustea, elkarrizketa elebidunak...) eta praktika berriak jalgiaraziz. Orain, kontzientzia hartze hori orokortzeko bideak asmatu behar ditugu, ez gaitezen gure lurraldeko hülüberlü euskaltzale tematua bilakatu, bere xokoan bakarrik lehen hitzak eta ondokoak euskaraz ematen dituena, beste euskaldunen ezaxolakeria deitoratuz. Horretarako, komunikazio gutxiago eta interakzio gehiago beharko ditugu. Argazki instituzional gutiago eta parez pareko harreman gehiago.

Bigarren ideia erabileraren aroa zabaltzeari lotutako da, eta Euskaraldiak horretan laguntzen du. Azken mende erdian, Ipar Euskal Herriko euskalgintzak euskararen transmisioan eman du indarra, estatuak desegindakoa berreraikitzeko premiari erantzunez. Datozen urteetan irakaskuntza kanalak oraindik azkartu beharko dira, bereziki BAM hiri-eremuan haurren %80k ez baitute euskara ikasten (ez etxean ez eta eskolan) eta 9.000 heldu erdaldun bizitzera etortzen baitira Ipar Euskal Herrira bost urte guziz. Baina horren ondoan, osagarritasun ikuspuntu batekin eta hiztun profil berriei egokituz, euskararen erabilera hauspotzeko tresneria oso bat diseinatu beharko dugu: kontzeptuak, dispositiboak, praktika berriak... Erresistentziak sortuko ditu. Baina koherentzia ere ekarriko die euskara ikasteko urratsa egiten duten guziei, eta euskaldunei haien ingurunea eraldatzeko gaitasuna berreskuraraziko.

Segitzeko, Euskaraldiari esker euskara ikasten dutenen errealitatea hobeki ezagutzeko aukera izan dugu askok. Helduleku azkarra dugu, elkarren beharra izanen dugulako etorkizunean euskararen ulermena unibertsalizatu nahi badugu. Astean sei orduz gau eskolara joateko indarra egiten dutenekin zubi berriak eraiki behar ditugu. Sarritan gure mundura sartzeko gomita egiten diegu, baina badugu guk ere bidea egiteko, gurasokerian erori gabe, berdinen arteko harreman batean: haiek gure beharra baitute hobetzeko, baina guk haiena euskaraz mintzatzeko. Zentzu horretan, egitasmo berriak garatu beharko ditugu ondoko hilabeteetan.

Azken hitza, bukatzeko: instituzio publikoen ekarpena ukatu gabe, garrantzitsua agertzen zait haien ardura ere oroitaraztea. Ipar Euskal Herrian hizkuntza politika publikoak 15 urte ditu. Botere publikoek euskararen egoeran duten erantzukizuna izugarria da, eta elkarlanaren diskurtsoak ez du eskas nabarmenak estaltzeko balio izan behar. Asko dago egiteko; beraz, ez dezagun satisfazioaren sentsazioa instalatzera utz.

Ezin ditugu oraindik neurtu Euskaraldiak sortuko dituen aukera guziak. Baina argi gelditzen dena da euskalgintzan ari garenoi 11 pista berri zabaldu dizkigula. 2019an, Seaskak 50 urte ospatuko ditu eta 21. Korrikak euskararen alde klikatzera gomitatuko gaitu. Mugitzen den herria ez da inoiz akituko; erabiltzen den hizkuntza ez da inoiz hilko!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna