Kartzelan sartu dituzte Bilboko sexu erasoarengatik atxilotutako hirurak

Iruñean, Auzitegi Nagusiak lau urteko zigorra ezarri dio gizon bati, andre bati abusuak egiteagatik

Erredakzioa
Bilbo
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Epailearen aginduz, kartzelan sartu dituzte iragan astelehenean Bilbon gertatutako eraso matxistaren harira atxilotutako hiru gizonak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, 18, 20 eta 35 urteko hiru gizonezko dira.

Biktima 17 urteko adingabe bat da, eta astelehenean bertan salatu zuen gertatutakoa: jakinarazi zuen alde zaharreko lokal batean eraso egin ziotela lau gizonezkok. Ertzaintzak haietako bi atzeman zituen astelehen goizean, eta astearte arratsaldean atxilotu zuen hirugarrena. Ikerketa zabalik dago oraindik, eta laugarren erasotzailearen bila ari da Ertzaintza.

Bilboko Udalak aho batez gaitzetsi du erasoa. Ezohiko udalbatza bildu zuten asteartean, eta Juan Mari Aburto alkateak adierazpen instituzional bat irakurri zuen.

Iruñean, bestalde, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak lau urteko espetxealdia ezarri dio 30 urteko gizonezko bati, sexu abusuengatik. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erruduntzat jo zuen gizona, baina defentsak helegitea aurkeztu zuen. Orain, Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Probintzia Auzitegiaren ebazpena.

Epaian irakur daitekeenez, akusatuak «onarpenik gabeko sexu harremanak» izan zituen lehengusuaren bikotekidearekin, «iruzur bidez»: gela ilunpean zegoela eta andreak betaurrekorik ez zeramala baliatu zuen lehengusua ordeztu eta haren neska lagunarekin oheratzeko. Auzitegi Nagusiko epailearen arabera, «frogatua dago ez zela adostutako sexu harreman bat izan, ezta, defentsak argudiatu duen bezala, biktimaren oker edo gaizki-ulertu bat ere». Hori dela eta, magistratuak lau urteko espetxealdia ezarri dio erasotzaileari, baita 13.000 euroko kalte-ordaina ere.

Bi urte, jazarpenagatik

Gipuzkoako Auzitegiak, berriz, bi urteko kartzelaldia ezarri dio enpresaburu bati, enpresako 19 urteko langile bati jazarpena eta sexu abusuak egiteagatik. Emakumezkoak aldi baterako kontratua zuen, eta 65 urteko gizonak egoera hori baliatu zuen sexu ukituak eta «iruzkin lizunak» egiteko. Sententziaren arabera, biktimaren testigantza «koherentea», «iraunkorra» eta «zehatza» izan da, eta «kontraesanik gabekoa». Kartzelaldiaz gain, beste bi urtez zaintzapean libre egotera kondenatu dute enpresaburua, eta 4.000 euroren kalte-ordaina pagatu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.