Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Konfinamendua ez da nahikoa

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hasieran bi aste, ondoren beste bi, eta orain bi gehiago gehitu dira. Hilabete eta erdiko konfinamendua ezarri da Espainiako Estatuan. Gizartetik urruntzeko neurri hauek, hala nola eskolak eta unibertsitateak ixtea, kirol-ekintzak bertan behera uztea, etxetik lan egitea, joan-etorriak mugatzea, enpresak ixtea, koronabirusaren transmisio-prozesua murrizten lagun dezakete. Baina horiek bakarrik ez dira nahikoak pandemia kontrolatu ahal izateko.

Osasunaren Mundu Erakundeak jadanik esan du kasuak «aurkitu, isolatu, testatu eta tratatu» egin behar direla birusaren kutsadura-kateak moztu ahal izateko, eta funtsezkoa da mantra horri jarraitzea COVID-19a menderatu nahi izanez gero.

Txinak urruntasun soziala eta konfinamendu gogorra ezarri zituenean, kasuen bila jarraitu zuen, eta haiek detektatu eta pertsona horiek isolatu. Hego Koreak ere berdin jokatu zuen. Eta herrialde bi horiek lortu dute hein handi batean gaixotasuna menderatzea.

Euskal Herrian, beste hainbat lekutan bezala, izan litezkeen kasu guztietatik bakarrik gutxi batzuk detektatzen dira, gehienetan sintoma larrienak dituztenak. Baina osasun arloko profesional askok uste dute benetako positiboen kopurua datu ofizialetakoa baino lau aldiz handiagoa dela gutxienez. Horietatik asko sintomarik gabekoak edo sintoma arinak dituztenak dira, baina kutsatuak daude eta kutsatu ditzakete beren ondoko pertsonak.

Birusaren etengabeko transmisioa egonik, ezin da baztertu gaixotasunaren bigarren eta hirugarren olatuak gertatzeko arriskua. Populazioaren gehiengo handi bat —%70 gutxienez— guztiz immunizatua egon ezean, hori gertatzeko arriskua benetakoa da.

Oso informazio interesgarria litzateke sintomarik izan ez dituzten pertsonak immunizatuak ote dauden jakitea. Aldi berean, interesgarria litzateke jakitea gaixotu direnetatik zeintzuek garatu dituzten antigorputzak maila egokian. Lurralde batzuetan balioztatzen ari dira antigorputzen testak modu masiboan egitea, hau da, populazioaren gehiengo handi bati egitea. Horrek argibide nabarmenak emango lizkioke gaixotasun honi, jakingo litzatekeelako aipatutako immunizazioa populazioaren zenbatean dagoen. Gainera, ahalbidetuko litzateke immunizatutakoak, hau da, birusaren kontra babesadutenak, beren ohiko bizitzara bueltatzea.

Horregatik guztiagatik, programa masiboak ezarri beharko lirateke, kasuen bilaketan, jarraipenean, behaketa klinikoan eta diagnostiko probetan oinarrituta. Baina programa masiboak egiteko diru inbertsio handia behar da, antigorputzen test horiek gehiengo bati egiteko. Hori pandemiaren kontrolerako mesedegarria litzateke, baina aldi berean gure ekonomia berpizteko ere bai.

Azken finean, pandemia honi buelta eman ahal izateko, ezinbestekoa da kasuak detektatzea, isolatzea eta tratatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.