Elizgizonen sexu abusuak ikertzeko proiektu bat lantzen hasi dira Nafarroan

Gobernuak eta NUPek errolda bat osatu asmo dute abusuen biktima izandakoekin. Egia, justizia eta erreparazioa ditu helburu egitasmoak

Rafael Sainz de Rozas eta Alvarez (NUP), atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Elizgizonek egindako sexu abusuen biktimei laguntzea helburu duen proiektu bat lantzen hasi dira Nafarroako Gobernua eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Hasteko, urria bukaera bitartean NUPeko ikertzaileekin harremanetan jartzera animatu dituzte abusuak nozitu eta horien berri eman nahi dutenak. Lortutako informazioarekin sexu abusuen biktima izandakoen errolda bat osatzea dute asmo.

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa, Iruñean, eta bai Migrazio Politika eta Justizia Departamentuko kideek, bai unibertsitatekoek nabarmendu zuten kasuak «modu zehatzagoan» aztertu nahi dituztela, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidean «indarrak bildu» ahal izateko. Errolda osatze aldera haien kasua kontatu nahi dutenei ziurtatu diete anonimotasuna gordeko dietela.

Gobernua eta NUP duela urte eta erdi hasi ziren kolaboratzen apaizen sexu abusuen auzian, Nafarroako Elizako Sexu Abusuen Elkartearekin elkarlanean. Gaiari buruzko jardunaldi batzuk antolatu zituzten lehendabizi, eta, horietan aurkezturiko ponentziak aintzat harturik, azterlan bat plazaratu zuten joan den otsailean. Hainbat arlo akademikotako adituek parte hartu zuten horretan: besteak beste, historia, zuzenbide eta psikologia alorrekoek.

Rafael Sainz de Rozas Nafarroako Justizia zuzendariaren esanetan, NUPeko kideek «zorroztasun akademikoa» emango diote ikerketari. Nabarmendu zuen, bide batez, gobernuaren jokabideak bat egiten duela NBE Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorrerako Agendak 2030. urterako zehaztutako helburuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.