VWek mutualitateen esku utzi ditu gaixotasun arruntak

Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Volkswagen Nafarroako zuzendaritzak aspaldiko helburu bat lortu du: bere langileen gaixotasun arrunten kontrola mutualitateen esku uztea. Landabengo fabrikan gehiengoa duten bi sindikatuen babesarekin egin du hori, UGTrekin (hamabi ordezkari) eta CCOOrekin (zortzi). Bien artean ordezkaritzaren %68,9 dituzte.

Absentismoa gutxitzeko planaren neurri nagusia da lanaren ondorioz sortutako gaixotasunak ez ezik beste arrazoi batzuengatik sortutakoak ere mutualitateak kontrolatzea 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera. Enpresak salatu du neurrigabeko absentismoa dagoela Landabenen, eta egunero 350 langile ez direla lanera azaltzen. Bere datuen arabera, lanera ez doazenen tasa %4,3tik %7,9ra igo da 2012tik 2019ra.

Beste sindikatuek bezala, orain arte UGTk eta CCOOk argudiatu dute langileen zahartzea dela asko gaixo edo minez egotearen arrazoi nagusia. Atzo iragarritako akordioan, ordea, «arazoak kausa asko dituela» diote sinatzaileek, eta urtero puntu portzentual bat jaisteko helburua jarri diote beren buruari. Enpresak espero du gaixoen kontrol zorrotzagoa egingo dutela mutualitateek sistema publikoarekin alderatuz gero, gaur egungo egoera ez delako «logikoa».

Iragan abenduan bost eguneko lanuztea egin zuten VWeko langileek, mutualitateen esku hartze handiagoaren aurka. Absentismoaren eragile nagusietako bat «lan erritmo biziegia» zela ziurtatu zuten sindikatuek, eta langileek Gizarte Segurantzari kontingentzia arruntegatik ez kotizatzeak kalteak eragingo zizkiola sistema publikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.