Estrasburgo erdian bi lagun hil eta dozena bat zauritu dituzte gutxienez

Gabonetako merkatuaren bueltan zebilen jendeari tiroka ekin dio erasotzaile batek; ihes egin du

mikel p ansa
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Gabonetako merkatuaren ospakizuna izuz, zaurituz eta hildakoz bete zuen tiratzaile batek bart arratsean Estrasburgon, Frantzian. Hiriaren erdialdean, ohi denez, Gabonen aurreko postuak zabalik daude azkeneko egunetan, eta segurtasun neurri handiak hartu ditu Frantziak, Europako hiri handi gehienetan bezala: oinezkoen bideak kontrolatuta eta ibilgailuentzat blokeatuta daude. Baina erasotzaile batek, 20:00ak inguru zirela, tiroka ekin zion jendetzaren kontra, eta gutxienez bi pertsona hil zituen, eta dozenaren bat zauritu. Egunkari honek edizioa ixteko orduan berri nahasiak heldu ziren Frantziatik, baina Barne Ministerioak bart gauean eman zituen azkeneko datuak horiek izan ziren.

Erasotzailea identifikatu dutela jakinarazi du Frantziako Gobernuak. Beste delitu batzuengatik aurrekariak dituen pertsona bat dela azaldu du Parisek, xehetasun gehiago eman gabe. Eraso terrorista bat izateko zantzuak zituela zabaldu zuten hainbat iturrik, eta ezagutu da fiskaltza antiterroristak ekin diola ikertzeari. Edozein moduz, Poliziak ez zuen lekuan atzeman erasotzailea. Jendetzaren aurka tiro egin eta gero, polizia batzuek erantzun egin zioten; tiroketak minutu batzuk iraun zituen, eta erasotzaileak ihes egin zuen; Polizia iturri batzuen arabera erasotzailea zauritu ere egin zuten arren. Hiriaren erdialdean segurtasun hesi bat jarri ere egin zuten poliziek; 200 bat metrotan itxita eduki zuten hiriaren erdialdea. Baina edizio hau ixteko orduan, ez zegoen atxiloturik.

Europako Parlamentuak Estrasburgon du egoitza, eta zenbait europarlamentari tartean harrapatu zituen erasoak. Carlos Iturgaiz (PP) eta Izaskun Bilbao (EAJ) europarlamentariek, esaterako, lehen pertsonan kontatu zuten tiroketaren lehen momentu hori. Iturgaiz hiriaren erdian harrapatu zuen tiroketak, eta jatetxe bateko sotoan sartu zuten, beste 50 bat pertsonarekin. Han itxita egoteko agindu zien Poliziak. Bilbao, berriz, Europako Parlamentuaren egoitzan zegoen; eraikina itxi egin zuten. Erdialde guztia hustuta geratu zen erasoa eta gero.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea alderdi nagusietako ordezkariekin bilduta zegoen tiroketa gertatu zenean. Bilera bertan behera utzi zuen, gertakariak jarraitzeko. Frantzian, 2016an gertatu zen azken atentatu jihadista: Nizan, kamioi bat oldartu zen jendetzaren kontra, eta 80 pertsona baino gehiago hil zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.