Langabezia saria jasotzeko lan egin beharreko epea luzatu du Parisek

Kontratu laburrak gehien erabiltzen dituztenei Gizarte Segurantzaren kotizazioa emendatuko die

Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Baldintza gogorragoak bete beharko dituzte Ipar Euskal Herrian langabezia saria jaso nahi dutenek. Frantziako Gobernuak atzo onartutako erreformak aurrera egiten badu, langabezia saria jasotzeko eskubidea izateko gutxienez sei hilabetez egin beharko da lan azken bi urteetan.

Krisiak langabeen kopurua handitu zuenetik, 28 hilabetean lau hilabetez lan egin izana nahikoa zen saria jasotzeko. Langabeen kopurua asko murriztu dela argudiatu du Parisek sariaren baldintzak estutzeko. 2015ean jo zuen goia, %10,4ra iritsi baitzen, eta azken hiruhilekoan %8,7ra jaitsi da.

Baina Parisek ez du ezkutatu batez ere dirua aurreztea duela helburu. Espero du neurria urte amaieran ezarri ahal izango duela, eta horri esker 3.400 milioi euro aurreztu ahal izango dituela 2021 amaiera arte.

Dirua aurrezteko beste modu bat saria bera txikitzea izango da. Hori bai, sari handia jasotzen dutenei soilik eragingo diela ziurtatu du Frantziako Gobernuak. Zehaztu duenez, hilean 4.500 euroko soldata gordina jasotzen dutenei %30 txikituko diete laguntza zazpigarren hilabetetik aitzin. Gutxienez, 2.261 euro bermatuko dizkiete, eta ez die eragingo 57 urtetik gorako langabeei. Lan Ministerioak azaldu duenez, lansari handienak dituzten %10ei eragingo die murrizketak. Baina sindikatuak beldur dira gainontzeko langabeei ere saria ez ote dieten apalduko. Kontua da langabezia saria kalkulatzeko moduan ere aldaketak iragarri dituela Parisek, eragozteko haietako %20ri gertatzen zaiena: diru gehiago irabazten dutela langabezian lanean baino. Kopuru horiek auzitan jarri dituzte sindikatuek. Kopuru berria kalkulatzeko, batez besteko soldata aintzat hartuko dute.

Kontratu laburren zigorra

Ezkerrari ere keinu bat egin nahi izan dio Emmanuel Macron presidenteak. Horrela, joan den astean Edouard Phillippe lehen ministroak aurreratu zuen moduan, zigortu egin nahi dituzte kontratu oso laburrak gehiegikeriaz erabiltzen dituztenak. Bonus-malus sistema erabiliko du horretarako: Gizarte Segurantzako kotizazioak gehienez 0,95 puntu igoko dizkiete asko erabiltzen dituztenei, eta gehienez 1,05 puntu enplegu egonkorragoak ematen dituztenei. Zazpi sektoretan jarriko dute indarrean neurria; besteak beste, ostalaritzan eta elikagai industrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.