Jaurlaritzak webgune bat sortu du 163 lan poltsa sarean kudeatzeko

Lan poltsetan dauden 57.000 pertsonek izango dute aukera datuak kontsultatu eta moldatzeko

Jon Fernandez.
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Prozesuak eta izapideak «sinplifikatzeko eta eskuragarriago» egiteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak webgune bat jarri du abian (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa/). Atari hori 57.000 pertsonak erabili dezakete, gaur egun EAEko aldi baterako enplegu publikoko 163 lan poltsatan izena emanda daudenek, euren enplegu eskaintzak edonoiz kontsultatzeko, kudeatzeko eta moldatzeko, telefonoz deitu izan beharrik gabe eta posta elektronikorik bidali behar izan gabe. Ataria 24 orduz egongo da erabilgarri, 365 egunez.

Edozelan ere, Gasteizko gobernuaren helburua da pixkanaka jardun eremua 163 lan poltsa horietatik harago zabaltzea eta «euskal sektore publikoko erakunde guztiek erabili ahal izatea, hala nahi badute, langileak hautatzeko eta hutsik dauden postuak betetzeko prozesuak kudeatzeko».

Andres Zearreta Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak nabarmendu du webgunea «jauzi kualitatibo bat» dela, bai administrazio publikoarentzat, bai aipatutako lan poltsetan izena emanda dauden 57.000 pertsonentzat. Honako hauek egin ahal izango dituzte atarian, besteak beste: datu pertsonaletara eta harremanetarako datuetara sartu eta eguneratu; enplegu bilaketarako lehentasunetara jo eta aldatu —lan egiteko zonak, lanaldirako prestasuna, lanaldiaren iraupena, eta abar—; deitzeko egoerara jo eta aldatu —prestasuna edo arrazoitutako aldi baterako gaixo baimena—; lan poltsako egoera simulatu, aurretik zenbat pertsona dauden jakiteko, lehentasunen eta hizkuntza eskakizunen arabera; eta lan poltsa bakoitzerako eginiko kontratazioen xehetasuna kontsultatu.

Konfidentzialtasuna

Oraingoz izapide horiek egin ahal izango dira, baina Jaurlaritzak espero du urtea amaitu baino lehen zerbitzu gehiago ere egin ahal izango direla atarian. Besteak beste, hauek: lan eskaintzak jaso eta onartu; erreklamazioak eta errekurtsoak aurkeztu; curriculuma eguneratu; zerrenden birbaremazioetara jo; eta desgaitasunen bat egiaztatu.

Interneterako konexioa daukan edozein gailutatik sar daiteke atarira. Webguneak datu pertsonal guztien konfidentzialtasuna eta segurtasuna bermatzen du, eta erabiltzaileek IZENPE ziurtagiri digitalaren sistemaren bidez eman beharko dute izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.