Greba eguna dute bihar Donostiako Ikorren, 21 kaleratze salatzeko

Arriluceako langileek gaur eskatuko diote Jaurlaritzari bitartekaria izan dadila Batz taldearekin

Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Greba egitera deitu dituzte biharko Ikor enpresako langileak, azken asteetan gertatu diren 21 kanporatzeak salatzeko. Langileak berriro hartzeko eta konpainiaren arazoei irtenbide negoziatua emateko eskatu du langile batzordeak.

Ikor 1981. urtean sortu zuten, eta Donostiako Zuatzu enpresa parkean du egoitza. Zirkuitu elektronikoen diseinurako eta fabrikaziorako zerbitzuak egiten ditu. 800 langile inguru ditu, eta Donostian ez ezik, Txinan eta Mexikon ere lantegiak ditu. Joan den maiatzean, Alemaniako Ebm-past multinazionalaren esku geratu zen. Ebm-past duela hiru urte sartu zen Ikorren, akzioen %50 erosita.

Ikorreko langile batzordeak agiri baten bitartez jakinarazi duenez, urriaren 24an enpresak erabaki zuen zortzi langile kanporatzea Donostiako egoitza nagusian. Urriaren 30ean, berriz, ITC zentro teknologikoko behargin bat eta Sistemas Electronicos adarreko hamabi bota zituen. Langile horiek gehienek enpresan urte asko egin dituztela ziurtatu du langile batzordeak, eta. salatu du zuzendaritzak ez dituela alternatibak proposatu, hala nola erretiro aurreratuak, diruz lagundutako kontratu eteteak eta langileak beste leku batzuetan kokatzea.

Langile batzordeak ziurtatu du Ikor taldeak «bizi duen egoera» ez dela langileen errua. Arduradunak zeintzuk diren argitzeko eskatu du, eta elkarrizketa prozesu bat hasteko, «langileei ahalik eta kalte txikien» eragingo liokeen irtenbide bat bilatzeko, inor kaleratu gabe.

Protesta gisa, egun osoko greba egingo dute bihar. Goizean, Zuatzuko lantegiaren aurrean batuko dira, eta gero Errotaburuko biribilgunera joango dira, eta handik Gipuzkoa plazara. Ostegunerako eta ostiralerako bi orduko lanuztera ere deitu dute.

Arrilucean, 141 kaleratze

Ikor baino egoera are larriagoan dago Arrilucea enpresa, Igorren (Bizkaia). Izan ere, lantegia itxi eta 141 langileak kalean utzi nahi ditu haren jabeak, Batz kooperatibak.

Arriluceako langileak Batzen egoitzaren aurrean elkartu ziren atzo, eta berdin egin nahi dute bihar eta etzi. Gaur, berriz, bilera dute Eusko Jaurlaritzarekin. Eskatuko diote bitartekari lana egin dezala Batzekin, fabrikari itxiera ez den irtenbide bat bilatzeko. Salatu dutenez, Batzek ez du zuzenean haiekin hitz egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.