IGek gutxienez ordubete lehenago kontratatu beharko dute zerbitzua

Ibilgailu gidaridunentzako lege berriaren oinarriak adostu dituzte Jaurlaritzak, taxilariek eta IGek

Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
IG ibilgailu gidaridunen araudi berriaren oinarriak adostu zituzten atzo arratsaldean Eusko Jaurlaritzak, EAEko taxi gidarien elkarteak eta IGen elkarteak. Akordioa taxien mahai sektorialaren hurrengo bileran berretsiko dute, gero Jaurlaritza testu artikulatua idazten has dadin, atzo adostutako alderdiak aintzat hartuta. Hain zuzen, Espainiako Gobernuak joan den irailean dekretu bat onartu zuen IGen sektorea arautzeko, udalen eta erkidegoen esku jarriz ibilgailu horien lizentziak emateko eta baldintzak ezartzeko eskumena.

Atzo Gasteizen adostutako akordioak lau puntu nagusi dauzka. Batetik zehaztu dute IGen kasuan lizentzia jasotzen duena auto bat dela, ez gidaria; aldiz, taxi gidariek beraiek jasotzen dute lizentzia, pertsona fisikoek. Bestetik, taxi gidarien aspaldiko eskari bi onartu dituzte: IG zerbitzua aurrez kontratatu beharko dela, ordubete lehenago gutxienez, eta IG lizentziadun autoak ezingo direla kaleetan hara-hona ibili bezero bila. Ezingo dute kalean inor jaso gutxienez ordubete lehenago harekin zerbitzua kontratatu ez badute, salbuespenezko kasu batzuetan izan ezik —larrialdietan, istripu mutualitateen kasuan, errepideko laguntza kasuetan, lehendik kontratatutako zerbitzu baten aldaketak egonez gero, eta abar—.

Azkenik, IGek lizentzia jasotako autonomia erkidegoan ibili beharko dute normalean, eta,handik kanpo joanez gero, argi eta garbi adierazi beharko dute aurrepanelean.

Elkarbizitzaren bila

Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren zuzendariak «garrantzitsutzat» jo du akordioa, araudi berriaren gidalerroak ezarri dituztelako. «Konfrontazioaren eta indarraren aurrean, Euskadin, gauzak egiteko beste modu bat aurkeztu dugu, elkarrizketatik eta adostasunetik abiatuta», adierazi du Janiera Bijueska, hemengo egoera Madrilen eta Bartzelonan taxi gidariek egindako protestekin alderatuz.

Bijueskaren iritziz, akordioaren ondorioz «ez dute batzuek edo besteek irabazi, baizik eta euskal gizarteak». Itunari esker, IGen sektorea arautu nahi du Jaurlaritzak, taxienarekin «modu antolatuan bizi ahal izateko». Bijueskak nabarmendu duenez, «bi zerbitzuen izaera desberdina da, Euskadin ibilbide luzekoak dira biak, elkarren osagarri izan daitezkeenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.