Getariako jarduneko alkatea zigortu dute, taberna bateko zarata dela eta

Nika Lertxundik ezin izango du lanpostu publikorik izan zazpi urtez, arazoan esku ez hartzeagatik

Jon Rejado.
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Nika Lertxundi Getariako jarduneko alkatea prebarikazioa egiteagatik zigortu dute, ingurumen gai batean esku ez hartzeagatik: ez zuen erabakirik hartu taberna baten zaratak bizilagunei kalte egitearen inguruan. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak zazpi urtez lanpostu publikoa izateko debekua ezarri dio. Azken hauteskundeetan, Lertxundi ez zen alkatetzarako aurkeztu; EH Bilduren zerrendan 11. postuan joan zen, azkena, eta ez zuen ordezkaritzarik lortu. Bestetik, epaitegiak Lertxundiren aurreko alkatea absolbitu du, Andoni Aristi, zarataren gaiari heldu ziola argudiatuta; zarataren nondik norakoak aztertzeko ikerketa bat eskatu zuen.

Lertxundiri zigorra ezarri dio epaileak, frogatutzat jo duelako ez zuela esku hartu taberna baten «kutsadura akustikoa» saihesteko. Epaileak azaldu du 2014ko uztailean hasi zela arazoa. Taberna jabez aldatu, eta musika oso altu jartzen hasi ziren. Horrek bizilagunen kexak eragin zituen, eta Aristirekin eta Lertxundirekin bildu ziren gaiari buruz hitz egiteko. Bizilagunei osasunean ere eragin ziela frogatutzat jo du epaileak. «Lertxundik eskumena zuen erabakiak hartzeko, zarataren iturriak kaltea eragiten jarrai ez zezan», hausnartu du epaileak, baina gaineratu du «era arbitrarioan» jokatu zuela. Jokabide horren adibide gisa, arazoa nola bukatu zen esan du: zarata amaitu zen jabeak taberna utzi zuelako. «Esku hartu behar zuenaren gelditasuna erakusten du horrek».

Bestetik, epaileak Aristi absolbitu du. Tabernaren aurkako salaketa gehiago zeuden 2008a baino lehen, zaratagatik. Horietako batean, Aristik esku hartu zuen. Zarata maila aztertzeko ikerketa bat eskatu zuen; horren ondorioz, garai hartako jabeari eskatu zion lokalean hobekuntzak egin zitzala, bizilagunei eragiten zien kaltea amaitzeko. Jabeak ez zuen halakorik egin, eta taberna itxi zuen.

Tabernariari, espetxea

Horrez gain, epaileak zarata eragin zuen tabernako arduradunetako bat zigortu du. Hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio, 1.200 euroko isuna, eta tabernari lanetan aritzeko debekua urtebeterako. Horrez gain, zigortutako tabernari ohiak zortzi bizilagunei 23.000 euroren kalte-ordainak eman beharko dizkie, guztira. Auzibidean beste bi tabernari ere bazeuden salatuta, baina epaileak absolbitu egin ditu bi horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.