Trantsizio energetikoaren legeak klima aldaketaren funtsa izango du Nafarroan

Herritarrek ekainaren amaierara arteko epea izango dute Maria Txibiteren gobernuak aurkeztu berri duen aurreproiektuari ekarpenak egiteko

Manu Aierdi, Javier Remirez eta Itziar Gomez, atzo. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Bide luzea geratzen zaio aurretik, baina pauso esanguratsua eman du Nafarroako Gobernuak: klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurreproiektua onartu zuen atzo gobernu kontseiluak. 2005eko gas emisioekin alderatuta, 2030erako gas emisioak %45 murriztea eta energiaren %50 berriztagarrien bidez ekoiztea jarri du helburu gisa gobernuak. Egungo egitura sozioekonomikoa norabide horretan jartzeko, administrazioan, sektore ekonomikoetan eta gizartean bertan aldaketak egitea bultzatu nahi du legeak. Dena den, oraingoz aurreproiektua izanik, testua atzo bertan jarri zuten gobernu irekiaren webgunean, eta ekainaren 30era arteko epea eman dute herritarren eta gizarte eragileen ekarpenak biltzeko.

Abiapuntua Europako Batasunean trantsizio energetikoaren aldeko konpromisoa da, eta, ildo horri jarraituz, egungo gobernuak klima aldaketaren inguruko adierazpen bat onartu zuen irailean. Atzo aurreproiektua onartu eta ekainean herritarren ekarpenak bildu ondotik, uztailean proposamenak bilduko dira lege proiektua parlamentura eramateko.

Aurreproiektuak hainbat berrikuntza dakartza. Batetik,trantsizio energetikoaren politikak koordinatuko dituen agentzia bat sortzea proposatzen du, eta, hari lotuta, klima aldaketaren bulego bat ere bai. Halaber, beste ideia berritzaile bat karbonoaren aurrekontuak sortzea da: «Berotegi gasen emisioen inbentarioa egitea eta etorkizunerako proiekzioa edukitzea izango du helburu». Halaber, klima funts bat sortuko dute, eta politika horiek ezartzeko «erreminta nagusia» izango da: aurrekontuen, beste erakundeen eta isunen bidez jasotako diruarekin lortutako finantzaketa, besteak beste.

Energia berriztagarriei bultzada bat emango zaie, helburu gisa jarri baita 2030erako ekoitzitako energiaren erdia berriztagarria izatea. Eolikoari dagokionez, Nafarroako hainbat parke beren epemugara iristear dira, eta parke horien potentzia areagotzeko neurriak erraztuko dira. Sektore fotovoltaikoan, eraikin berrietan derrigorrezkoa izango da plakak jartzea, eta bestelako eraikinetan, tamainaren arabera, 2030erako edo 2040rako. Lehen sektoreko etxaldeak behartuta egongo dira %15 gutxienez autokontsumo bidezkoa izatera.

Administrazioa, eredugarri

Eraikuntzan, proposatzen da etxeek 2023rako kalifikazio energetikoaren ziurtagiria izatea, eta horretarako diru laguntzak banatuko dira. 2030erako, Ctik gorako kalifikazioa izan beharko dute eraikinek. Sektoreek karbono aztarnaren planak egin beharko dituzte, eta emisioak murrizteko neurriak hartu. Aurreproiektuak jasotzen duenez, administrazio publikoak eredugarri izan beharko du.

Garraioari dagokionez, 2050ean garraio publikoko ibilgailu guztiak elektrikoak izango dira, eta udalak mugikortasun planak egin beharko dituzte. Bi urteren buruan, mila biztanletik gorako herriak behartuta egongo dira karga elektrikorako gune bat izatera. 2025erako, aparkalekuetan berrogei tokitik bat elektrikoa izatea bultzatuko da. Legea bete ezean, administrazio arloko isunak jasoko dituzte, larritasunaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.