EBren funtsei esker, «modernizazio aro berri bat» agindu du Sanchezek

Lehen bi urteetan ibilgailu elektrikorako azpiegiturak sortzea izango da Madrilen lehentasuna

Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hitz handinahiekin eta espektatiba oso handiekin iritsiko da Next Generation planaren dirua Espainiara. «EBn sartu ginenetik, Espainiak izan duen aukerarik handiena da. Halakoak mendean pare bat aldiz baizik ez dira igarotzen, eta ez dugu pasatzen utziko», ziurtatu zuen atzo Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak, EBren funtsen banaketaren lehen datu batzuk aurkezteko egindako agerraldian.140.000 milioi euro jasoko ditu Madrilek, eta horietatik 72.000 milioi ez ditu itzuli beharko. «Europako Marshall plan handi» horrekin«aro berri bat» abiarazi nahi du Espainiako Gobernuak: «Modernizaziorako eta eraldaketarako lehen urrats bat da».

Diru horretatik erdia 2021-2023 epean inbertituko duela agindu du Sanchezek: %39 joango da trantsizio ekologikora, %29 eraldaketa digitalera, %10,5 hezkuntzara, eta %7 ikerketara. Diru sail zehatzen artean, 13.200 milioi joango dira ibilgailu elektrikorako azpiegiturak sortzera, 6.820 milioi etxeak zaharberritzeko, eguzki plakak jartzeko eta isolamendua handitzeko, eta 4,315 milioi administrazioa digitalizatzeko eta haren behin-behinekotasuna txikitzeko.

Next Generationen diruak jaso ahal izateko, erreforma plan bat aurkeztu behar dio Madrilek Europako Batzordeari, apirilaren 30a baino lehen. Plan hori ontzat hartu beharko du Bruselak Espainiak euro bakar bat ikusi nahi badu, baina ondoren ere batzordeak aukera izango du funtsen emaria lehortzeko, ikusten badu agindutako erreformak ez direla betetzen edo dirua ez dela agindutako programetara joaten.

Hilabeteak daramatzate Sanchezen gobernuak eta Europako Batzordeak erreformak negoziatzen, eta zenbait gai lotu dituzte. Baina bi erreforma nagusiak—pentsioena eta lan erreformaren moldaketarena—oraindik itxi gabe ditu Madrilek, eta oso litekeena da horiek zehaztu gabe iristea plana Bruselara. Izan ere, Espainiak jakinarazi dio batzordeari kontu horiek CEOE patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin ne goziatu nahi dituela. Akordioa «gertu» dagoela esan du sarritanEspainiako Gobernuak, baina gai batean zein bestean desadostasunak handiak direla ziurtatu dute gizarte eragileek.

Pentsioen erreforma

Lan erreformari dagokionez, Sanchezek aspaldi utzi zuen albora PPren 2012ko eta 2013ko erreformak bertan behera uzteko promesa, eta arau horiek moldatzearekin konformatzen da orain. Enpresetako lan itunei lehentasuna kentzea eta sektoreko hitzarmenei ematea da asmo nagusia, baina CEOEren ezezkoarekin egin du topo, enpresaburuen mesedetan doan neurria baita. Bruselak ez du kontu horietan aldaketarik nahi, baina bere mezuetan gehien nabarmentzen duen arazoa da behin-behineko kontratu gehiegi egiten direla.

Pentsioetan, berriz, sindikatuek ez diete harrera ona egin Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak azken proposamenei. Eguneratzeari buruz, pentsioak aurreko urteko KPIaren arabera igotzea proposatu zuen, baina inflazio negatiboak dakarren erosteko ahalmen gehigarria konpentsatzea. Erretiro adin erreala adin ofizialera parekatze aldera, beren borondatez erretiro aurreratua hartzen dutenei saria gehiago txikitzea eskaini du.

Neurri horien aurka mintzatu da Unai Sordo Espainiako CCOOko idazkari nagusia, eta Euskal Herrian kritika gogorrak egin dizkiote ELAk eta LABek ere, uste baitute pentsio txikiagoak ekarriko dituela. EBren funtsei uko egitea eskatu du ELAk, eta LABek «bataila politikorako» deia egin zuen joan den astean, dirua«botere publikoa indartzeko» balia dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.