Kataluniara hurbilduko dituzte sei preso independentista

Ortzeguna bitartean iritsiko dira Junqueras, Romeva, Sanchez, Cuixart, Forcadell eta Bassa

mikel rodriguez
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak atzo baieztatu zuen preso dauzkaten Kataluniako sei buruzagi independentista haien herrialdeko espetxeetara eramanen dituztela. Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde kargugabetua da haietako bat. Behin-behineko espetxealdian daude guztiak, matxinada delituaren akusaziopean epaiketa egiteko zain. Joan den astean eskatu zuten Kataluniako kartzeletara hurbiltzeko, eta Barne Ministerioak atzo baimendu zuen hurbilketa. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak adierazia du Kataluniako auziarekin aitzineko gobernuaren bertzelako jarrera bat hartu nahi duela, nahiz eta proposamen zehatzik ez duen egin oraindik. Tentsioa baretzea da haren helburuetako bat, eta joan den hilaren 18an erran zuen «arrazoizkoa» iruditzen zitzaiola presoak Kataluniara eramatea matxinada auziaren instrukzioa bukatu ondoren. Sanchez heldu den astelehenean elkartuko da lehenbiziko aldiz Quim Torra Kataluniako presidentearekin.

Espainiako Barne Ministerioak hainbat hedabideri baieztatu zienez, bihar eta etzi artean hurbilduko dituzte presoak. Zehaztu zuen, ordea, ez zuela datu zehatzik emanen, «segurtasun arrazoiengatik». Atzo hasi zuten hurbiltze prozesua. Lehenbiziko pausoa sei presoak Madrilgo espetxe bakarrean biltzea izan da. Junquerasez gain, hauek hurbilduko dituzte: Raul Romeva Atzerri kontseilari kargugabetua, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohia, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa Lan kontseilari kargugabetua. Sant Joan de Vilatorradako presondegira eramanen dituzte Junqueras, Romeva, Sanchez eta Cuixart—Bartzelonatik 50 bat kilometrora—, eta Forcadell eta Bassa Figueresera —ipar-ekialdean, Bartzelonatik 130 kilometrora—. Kataluniako Justizia Kontseilaritzak hartu du haien ardura, presondegien kudeaketa Kataluniako Gobernuari baitagokio, eta eskumen hori berreskuratu baitu joan den hilean autonomia berrezarri ondoren.

Bertze hiru preso, zain

Bertze hiru preso independentistek, Joaquim Forn, Jordi Turull eta Josep Rull Generalitateko kontseilari kargugabetuek, gaur jakinen dute beren hurbilketa eskarien erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.