Tunisiako lehen ministroa emakume bat izango da aurrenekoz

Bi hilabete egin dituzte gobernubururik gabe. Ustelkeriaren aurkako borroka dute helburu

Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun

>Najla Buden Romdhan, Tunisiako Lehen ministro berria.Tunisiako Presidentetza>

«Denbora gehiegi galdu da», adierazi zuen atzo Tunisiako presidente Kais Saiedek, eta «datozen ordu edo egunetan» gobernu bat eratzeko asmoa azaldu zuen. Lan hori «lehenbailehen» egiteko ardura Najla Buden Romdhanen gain jarri du. Hura da lehen ministro kargura iritsi den lehen emakumea, eta, presidentearen esanetan, «ustelkeriari eta hainbat instituziotan agerikoa den anarkiari» aurre egiteko elkarlanean arituko dira biak.

 

Presidenteak «historikotzat» jo du Romdhaneren izendapena, eta krisi politikoari amaiera emateko salbuespen neurrien jarraipentzat jo du erabakia. Gobernu berriaren helburu nagusia tunisiarren «duintasun eskaerei» erantzutea izango da, haren arabera; hala nola osasungintza, garraio eta hezkuntza alorretan.

Azken horretan da aditua Romdhane. Hezkuntza Ministerioko funtzionario gisa, Munduko Bankuak finantzatutako goi mailako hezkuntza modernizatzeko proiektu baten zuzendaria zen oraintsu arte. Halere, orain arteko lehen ministroek baino eskumen gutxiago izango ditu ziurrenik. Izan ere, Saiedek, dekretu bidez, gobernatzen jarraitzeko asmoa adierazi du, «salbuespen egoerak» iraun bitartean.

Uztailaren 25ean, Saiedek kargutik kendu zuen orduko lehen ministro Hitxem Metxitxi, eta parlamentua behin-behinean desegin, konstituzioa oinarri hartuta. Bere gain hartu zituen botere legegilea eta betearazlea, eta ustelkeriaren aurkako neurriak iragarri: esaterako, immunitatea kendu zien parlamentuko 217 kideei. Neurriak aurrez herrialdeko kaleak hartu zituzten protestei erantzun bat emateko zirela argudiatu zuen presidenteak. Manifestariek azken urteetako krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak exijitu zituzten, ustelkeria kasuek eta COVID-19ak eragindako pandemiak areagotu dituenak.

Oposizioko frontea

Oposizioak, ordea, estatu kolpetzat jo izan du presidentearen mugimendua. Hala, lehen ministro berria izendatu bezperan, ezkerreko hainbat eragilek, tartean Korronte Demokratikoa eta Afek Tunes alderdiak, oposizioko fronte baten eraketa iragarri zuten, «demokraziaren bidera» itzultzeko helburuarekin. Indar horien arabera, «botere absolutua» bereganatu du Saiedek, eta konstituzioaren oinarriak hautsi ditu «desira pertsonalak» betetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.