mikel elorza
ARKUPEAN

Taxidermistarenak

2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Extremadurako Gobernuak dirutza bat pagatuko dio enpresari bati, Sanitas enpresaren buru izandakoari, bere animalia bildumagatik. Dirutza. Animalia disekatuak dira. Aitak sortutako enpresari berak jarraipena eman zion, gure artean hain estimatua den ekintzailea izanik berau, eta soberan zeukan dirua non gastatu asmatu zuen, bere beste pasioari enpresarenari bezalako grinaz helduz (jode, EAJkolider zahar edo kooperatibista baten profila idazten ari naizela dirudi!): ehiza. Bizitza osoa eman du mundu zabalean tiroka, ehizan, milaka tiro joz La2eko dokumentaletan ere ageri ez diren parajeetan. Eta animaliak botatzeaz gain, disekatzea ere okurritu zitzaion, eta pabilioi bat edo bi edo auskalo zenbat dauzka hilotzez beteak. Milatik gora, 400 espezie desberdinetakoak. Zuek akordatu animalia espezie batekin, eta han egongo da. Noski, otso, hartz, errinozero zuri, lehoi, elefante, pantera... ikono guztiak. Bi pabilioi bete hildako piztiena, mugimendu animalistetako kideentzako infernua!

Enpresako partaidetza talde britainiar bati saldu zion, eta orain animalia disekatuen bilduma salduko du, Extremadurako Gobernuari. Ehizaren Museoa egiteko. Fauna disekatuari dagokionez, munduko handiena izango ei da, aberatsena, eta horri zer hagintarik ez lioke hozka egingo? Ehizaren Museoa, munduan erreferentzia. Zerbaiten garrantziakontsumitutako pintxo eta pasatutako hotel-gauetan neurtzen den herri bateko zergapekoa izanik, ondo asko dakit nik zertaz ari garen.

Jakina, inork galde diezadake ea ez al naizen ni Historia Naturaleko Museoren batean inoiz izan? Museootako animalia disekatuak nola arraio lortu zirela uste dudan, casting bat eginez? Eta arrazoi izango du, bisitatu dut halakorik, bat baino gehiago, aurrenekoa aspaldi, eta artean beltz bat, barka, Homo sapiens espezieko norbanako bat ere esango nuke bazegoela animalia disekatuen artean (eta ez zen Banyolesko boskimanoa, hori beste bat zen).

1.000 animalia disekaturiko pabilioi bat beldurrezko film baterako iruditzen zait egoki, baina egia da museoak halakoekin egiten direla, bilduma bisitagarriekin. Edo bisitagarri bihurtutako bildumekin. Zeren eta, morroi honen kopeta alde batera, geure buruari galdetu behar baitiogu museoen zereginez, edukiez, antolamenduaz, funtzionamenduaz... Behar dugu museorik? Nolakoak? Zertarako? Zerenak? Baina klaro, hori kultura alorrekoa da, hauteskunde-kanpainetan oso baxu kotizatzen duen gaia. Eta kanpainaren ondoren, kulturaren alorra espektakuluarenak eta turismoarenak fagozitatzen du, eta orduan berdin du museoak merezi duen edo ez, alegia, sormen eta kultura ikuspegi batetik herri bati ekarpenik egiten ote dion. Une batetik aurrera inporta duena ekarri ez, erakarriko duen bisitari kopurua da. Pintxoak eta pernoktak.

Museo huts bat, eta bisitariak, ilara egin ostean, 12 euro ordaintzen hura bisitatzeagatik, horixe ikusteko ez zaigu asko falta (gainera zein egoki Hutsaren Museoa gure herri oteitza-gurtzaile honetan... ).

Museoen funtzio eta izaeraren gaineko eztabaida ez dela egongo jakitun, eta Badajozko Ehizaren Museoa egingo denez, nahiz eta ni urrun harrapatu, iradokizun bat, museoa hornitzeko ekintza performatibo gisa: museoaren sorreran egon den enpresaria ere museoko ohorezko kide izan dadila. Sarreran bertan. Erosketa erabaki duen hagintari portikoaren ondoan. Jakin dugu berriki Castro Urdialesen badela emakume bat, oso metodo sui generis-arekin, egostearena, baina taxidermista lana egiten duena eta homo espezieko arrekin —beti ere emeak baino gogorragoak, lakarragoak— eskarmentua badaukana.

Asmatuko du museoko buruekin zer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.