Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

«Jan iezadan buztana»

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Gauza bihurria da gero patriarkatua. Esaterako, behartzen zaitu espetxe sistemak norbanakoak deshumanizatzeko eta, orokorrean, jendeok otzantzeko besterik ez duela balio sinetsita egon arren sumintzera aske utzi dituztelako La Manada-ko bortxatzaileak (bortxatzaile izan arren, azken buruan, bost pertsona). Eramaten zaitu haientzako desiratzera kartzelatze luzeagoak; desiratzera edonorentzat giza eskubide oinarrizkoa iruditzen zaizun bigarren aukera (hirugarrena, laugarrena, infinitugarrena...) ezabatua izan dadila kasu honetan.

Ez da tripetako kontu huts bat. Ez da norberaren bizipen akumulatuek biktimarekin enpatia berezia sortzen dutelako sentitutako boteprontoko emozio soila, baizik eta baita hausnartutako ondorio arrazional eta arrazoizkoa ere. Izan ere, konparazioa da beldurgarria, ikustea legedia zeinen desberdin aplikatzen zaien batzuei eta besteei (bai, nola ez, Altsasukoak eta Kataluniako preso politikoak ditut buruan, baina ez haiek bakarrik), eta, batik bat, ikustea neurgailu diferente horren bidez zein mezu helarazten zaigun herritarroi: gauzatutako eta frogatutzat emandako erasoa (bost gizonen esku panpina izatea, ahotik, alutik zein uzkitik nahierara zakilkatzea) ez dela hainbesterakoa. Azken batean, biktima eta haren mina zalantzagarriak direla, prozedura osoan jasan dituen galdera eta kuestioek nola hainbat kalifikazio juridikok jendarteratu nahi izan duten bezala. Biktima ez dela hain biktima, erasoa ez delako hain eraso. Mezu xehea etorkizunera begira, balizko biktima eta, are, erasotzaileentzat.

Beharbada esango dit norbaitek La Manada-ren kontu honetan patriarkatuarena sobran dagoela, Espainiako Estatua dela arazoa, hamaikatan erakutsi bezala ez delako zuzenbide estatu bat, baina aski da begirada pixka bat altxatzea panorama orokortua dela ikusteko, #meetoo-aren oinarrian planeta osoko emakumeoi eragiten digun bizipena dagoela ohartzeko. Mendeetan pilatutako min eta babesgabetasuna.

Eta patriarkatua gauza bihurria denez, balia dezake gure min eta babesgabetasuna bere tresnetakoa duen espetxe sistema indartzeko, fokua erabat zigorren zenbateko eta gogortasunean jartzeko (funtsean, gu amorrura eta mendekura kondenatzeko), eta ahazteko zein betikotzeko sakoneko auzia: maskulinitateak zer ezaugarri dituen eta nola gorpuzten den gizonezko izendatutako pertsonetan, eta feminitateak zer ezaugarri dituen eta nola gorpuzten den emakumezko izendatutako gorputzetan. Eta, batez ere, atxikitako ezaugarri horietatik abiatuta nolako harremanak eraikiarazten dizkigun geure artean gizon zein emakume izendatutako pertsonoi, senidetasunetik hain urrun, azpiratze premietatik hain hurbil.

Errepara diezaiogun, adibidez, gaurko egunari: doi-doi 20 urte dira Irunen aurreneko aldiz emakumeak biltzen dituen alardea egin zela; hots, irundar denei festetan berdintasunez parte hartzeko aukera zabaldu zitzaiela. Bide gogorra izan da (eta hala da oraindik). Aski da atzera begira jartzea, 1996an hainbat emakumek segizioan sartzeko saioa egin zutenean Irungo alardean parte hartzen ari ziren gizonek egin zieten harreraren irudiak ikustea: garrasi, txistu, irain eta mehatxu zaparrada, atertu gabe. Gogorra da ispilua: ehunka gizon «sois unas zorras!» («urdangak zarete!») oihuka; ehunka gizon «en la fiesta de la hoguera/ os vamos a quemar!» («suaren festan/ erre egingo zaituztegu!») eta «cómeme la polla/cómemela ya!» («jan iezadan buztana/ jan iezadan segituan!») kantatzen, eztarria urratzear. Gogorra bezain esanguratsua aukeratutako irainen nondik norakoa: bere buruaren jabetzan urrats bat egiteagatik araua hausten duen emakumea sutara, sorginak bezala, sorgina baita. Araua hausten duen emakumea puta da, eta, horrenbestez, nahi duzuna egin dezakezu harekin, esaterako, zakila jan diezazula agindu. Funtsean, bestearen gorputza menpean hartzearen gorazarrea maskulinitatearen indartzaile, aldarrikapen eta mandatu. Bestearekiko harremena, sexu plazererako baino gehiago, botere gozamenerako bide.

Gogorra da ispilua. Batez ere lelo horiek kantatzen ari direnak ehunka gizonezko direlako, egunerokoan gehien-gehienak guraso, seme, adiskide, lankide, bizilagun, elkartekide jatorrak. Zu eta ni bezain txarrak, zu eta ni bezain onak. Dudarik gabe. Baina patriarkatua gauza bihurria denez, horra hor ikustea hainbeste kostatzen zaigun sakoneko auziaren arrastoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.