Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ez dabil

2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Larre motzean hazitako belaunaldiek beti pentsatu izan dute ondokoak hobeto bizi izango zirela, eta hala zegokigula berez, eskubide edo lege natural moduko bat zetzala horren atzean. Garapen sozialaren sinestunak ziren, eta haien fedea hauskaitza zen, sendoa, ebidentzien kontra sortua baitzen. Eskarmentu handia zuten kontrakoa pentsatzeko, baina hala ere, eutsi egiten zioten etorkizun hobearen ispilatzeari: halakoxea da fedea, bizi izandakoaren irakasbideekin zerikusi gutxi edo ia batere ez duena.

Gure amonak hamaika aldiz errepikatzen zuen. Ikasiz gero lan hobea lortuko genuen, geure ama eta amonek, eta haien aurretik beren amek eta amonek pairatu zuten sukaldeko patuari izkina egiteko modukoa, behinik behin. Lan hobea izanez gero, geuk irabazitako diruaren jabe izango ginen eta horrek erabateko askatasuna ekarriko zigun. Hortxe zetzan gure aurrekoen itxaropenerako zantzuetako bat: lanak edo diruaren artean kausa-efektu lotura zuzena zegoela uste zuten, salbuespenik gabea. Denbora dezente igaro zen askatasuna kolore anitzeko txori hautemanezina dela jabetu nintzenerako.

Amonak ez zuen sekula irakurri Virginia Wolf, ziur naiz, baina haren oihartzuna zekarten bere hitzek, haren testuingurura egokituta: aske izateko, emakumeak bere dirua eta bere espazioa, bere gela, izatea ezinbestekoa zen. Alegiazko gela hori goiko solairuan ei zegoen, eta gizarte-igogailuak hara eramango gintuen, zuzen-zuzenean.

Artean nik ez nekien etxe guztietan antzera mintzo zenik, bizilagunetako denok edo ia denok partekatzen genuela patu-modu berbera eta ondorioz, mundu-ikuskera bera. Langile-etxea zen geurea, eta langile-etxeak ziren ezagutzen nituen beste guztiak. Gure beldur, itxaropen eta miseriak ez zirela bakarrik geureak, denonak baizik, askoz beranduago ikasi nuen; denbora dezente igaro zen pertsonala den oro politikoa ere badela jabetu nintzenerako.

Gaur egungo begiekin ikusita, inozoa irudi lezake gure amonaren xalotasunak, baina ni neuk behintzat, beti entzun izan ditut horrelakoak etxean, garai horretan ez bainuen Simone de Beouvioirren berririk. Pentsalari feminista frantsesak idatzita utzi zuen Bigarren Sexua bere lan gogoangarrian: «Emakumeok ezin ditugu geure eskubideak bermatutzat eman. Erne egon zaitezen, nahikoa izango baita krisi ekonomiko, politiko edo erlijioso bat berriro eskubide horiek ezbaian jartzeko».

Aldaketa ez da bat-batekoa izan, baina noizbait gertatu da: etorkizuna miresmenez itxaroteari utzi eta beldur izatera iritsi gara. Garapenaren promesa desberdintasunaren egiaztapena bilakatu da. Ez dago bide artezik, bide bihurri desberdin asko baizik. Oraindik gogoratu behar dugu, ozen esan eta aldarrikatu emakumeon bideak malkartsuago eta lohiztatuagoak direla oraindik, desberdintasunen artean batzuk desberdinago garelako.

Agindu ziguten bezala, ikasi egin genuen, gogotik, gainera, baina emakumeak langile prekarioak gara, lanaldi etenak, soldata-arrakala eta genero-bereizkeria pairatzen dugu. Soldata gero eta urriei azpiak ateratzen dizkiegu, geure amak, eta aurretik haren amak eta amonek egin zuten bezala. Gela hori, geuretzat nahi genuena, derrigorrez partekatu behar dugu, eta errentan hartuta garestiegi ordaintzen dugu.

Ezuste handia hartuko zuen gure amonak gaur egungo gizarte-eraikuntzaren traza ikusiko balu. Igogailua matxuratu egin da goiko solairurako bidean gora zihoala. Ez dabil, eta aurrera egingo badugu, eskaleran gora eta oinez izango da, pausoz pauso; nekagarria eta gogorra izango da tarteka-marteka.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.