Hegoaldeko 253 herritar deportatu zituzten nazien kontzentrazio eremuetara

Horietatik 113 hil egin ziren, eta beste 125 bizirik irten ziren. «Biktimen erreparazio morala» bermatzeko egin du txostena Gogora institutuak

Presoak Mauthausengo kontzentrazio esparruan. EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
1940 eta 1945 urteen artean, Hego Euskal Herriko 253 herritar deportatu zituzten, gutxienez, nazien kontzentrazio esparruetara, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak txosten batean jaso duenez. Mauthausen kontzentrazio eremura erbesteratu zituzten euskal herritarren ia erdiak, eta hildakoen bi heren. Azterlanaren arabera, kontzentrazio esparruetara eraman zituzten 253 euskal herritar horietatik erdia (125) bizirik irten zen, beste 113 hil egin ziren, eta ez da ezagutzen zer gertatu zitzaien gainerako hamabostei.

Atzo 75 urte bete ziren azken euskal herritarrak askatu zituztenetik Hirugarren Reicheko kontzentrazio eremuetatik, eta Gogora institutuak biktima horien «erreparazio morala» aldarrikatu nahi izan du azterlanarekin. Horretarako, deportatutako euskal herritarren «errolda berria eta eguneratua» egin du, eta haien erbesteratzea «testuinguruan» kokatu du, modu eskematikoan. Etxahun Galparsoro EHUko historia lizentziadunak eta Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko doktoreak egin dute ikerketa.

Txostenak aintzat hartu ditu Hirugarren Reichak okupatutako Europako edozein kontzentrazio esparrura edo kartzelara erbesteratutako Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrak, bai eta, zenbait kasutan, erbestean Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso zutenak ere.

Kontzentrazio esparruetatik bizirik irten ziren euskal herritarrei dagokienez, ikerketak dio horietako gehienak aske geratu osteko asteetan edo hilabeteetan zendu zirela, eta beste asko, berriz, urte batzuen buruan hil zirela, pairatutako torturen ondorioz. Hala, nazismoak eragindako genozidioa txostenak jasotako zifretatik «askoz harago» doala ohartarazi du Gogorak.

Bestalde, erbesteratuen artean gizonezkoak izan ziren nagusi (243), eta gutxiago emakumeak (10). Andrazko ia guztiak nazismoaren aurkako erresistentzia aritu ziren borrokan, eta denak Ravensbruek kontzentrazio eremura eraman zituzten, lanak dioenez. Emakume horietako lau hil ziren; bi desagertutzat jo zituzten,eta beste lau, berriz, bizirik irten ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.