mikel elorza
ARKUPEAN

Ardi beltzak, ahari zuriak

2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Atzo bete ziren 100 urte Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht hil zituztela. Izan du oihartzun pixka bat efemerideak, Rosa Luxemburgen pertsonaren indarragatik besteak beste —eta seguruenik merezi baino gutxiago; baina upel arriskutsua da merezimenduen ardoarena, ondu bezainbat ozpindu litekeena—. Esango nuke, baina, oso ezezaguna dela bi buruzagion eta haien burkideen lana eta garaia bera, oso ezezaguna Alemaniako Iraultza. Hori gertakari historikoa badenik ere ukatuko du hainbatek, baina duela mende bat, 1918ko azaroan hasita, iraultza sozialista bat gertatu zen Alemanian, errepublika sozialistak aldarrikatu ziren —nazismoaren habiatzat hartzen dugun Bavierakoak iraupen luzeena—, nekazari eta langileen kontseiluak eratu ziren eta baita saiatu ere egun askok zahar eta anakronikotzat jotzen duten eraldaketa soziala bultzatzen.

Garaia ez zen erraza: errepublika I. Mundu Gerra «galdu» berritan aldarrikatu zuten Alemanian, armistizioa sinatu baino bi egun lehenago. Agintean zeuden aristokrata eta oligarkek antolatutako gerra hura, jolasa behar zuena eta triskantza berdinik gabea bihurtu zena. Ongarri ona zen iraulketarako, beraz, eta iritsi zen, ekintzaile sozialista eta anarkistek gidatuta —gerraren aurka egin zuten bakarrak, bide batez esanda, oso kontrako giro belizista eta aberkoian—.

Egungoaren eredu izango den sozialdemokrazia alemaniarrak gogor borrokatu zuen iraultza—horixe, aurrera egin ez zezan arrazoi nagusietako bat—, baina iraultzaren protagonista izan zirenetako batzuek ere, Rosa Luxemburgek berak edo Bavieran buru izatera iritsi zen Ernst Tollerrek, azkar samar ikusi zuten prozesua ez zihoala ongi bideratuta, porrot egin zuela. Porrot egin baitzuen.

Bide batez: ona litzateke aztertzea orduan prozesuotan hainbat letra-jendek izan zuen pisua, aitzindaritza. Eta orduan propio diot, letra-jendeak jada ez baitaude aitzindaritzan —nahiz eta argazkietan hagintarien alboan oso ondo ematen duten, ia sukaldariek adina—, mundua golak sartzen dituztenena baita: golak bizitzan, negozioetan, politikan... eta are soropilean ere!

Justizia sozialaren alde borrokatu ziren iraultzaile haiek, hil ziren haietako asko, hil zituzten haietako gehienak, estatu berdinzale baten alde, eta askatasunaren alde. Baina kontzeptu hauek denek txuribeltzeko zinemak baino zahar doinu handiagoa dute, eta gaur egunera erabat lurmenduta iritsi dira. Lurmenduta, narruzko bota beltz gehiegik zanpatu eta zikindu ondoren.

Ideia batzuen perbertsioak kezkatzen nau. Opresioaren, menperakuntzaren aurkako borrokatzat ikasi genuen askatasuna. Besteekin senidetzen zintuen eremua zen; askatasunak, izatekotan, denona behar zuen. Liberalismoa eta norbanakoa frankismoaren gurutzeak baino gorago dauden garaiotan —ze ona Ondarroakoa!!—, ordea, askatasunak norberaren esfera hurbil eta ukiezina zedarritzen du. Ni eta nire eskubideak, nire gauzak, eta niri sudurraren puntan —zakilaren puntan, gehienetan— jartzen zaidana egiteko gogoa. Gogoa, edo desioa, eskubide bihurtua dugun garaiotan —Katixa Agirreri kopiatu diot azken hau, eleberritik—. Nire eskubideak: ez eskubideak, nireak baizik; nik nahi dudana, nik nahi dudanean, nik nahi dudalako... Kontrol sozialari izua diot, eta zenbait komunitatek alergia eragiten didate —hainbat etxepe edo famili-bilkura, adibidez, brutalak izan daitezke taldeotako ardi beltzentzat—, baina aspaldian hark adina eragiten dizkit hotzikarak askatasunaren aldarri nonahikoak.

Jauzi mortal hirukoitza eraginez, gaur egun askatasuna menperatzaileak menperatuaren kontra aldarrikatzen duena da, goian dagoenak behean dagoenaren aurka! Askatasuna, ahari zuriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.