Trumpek John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkularia bota du

Trumpek ez du nahi AEBen atzerri politika erasokorrik. Kargutik kendu duen hirugarrena da

Bolton Trumpi begira Etxe Zurian, artxiboko irudi batean. OLIVER CONTRERAS / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Twitter sare sozialean jakinarazi zuen atzo John Bolton Segurtasun Nazionalerako aholkulariaren kaleratzea, beste hainbat erabaki garrantzitsurekin egin izan duen moduan: «John Boltoni bart jakinarazi diot bere zerbitzuak ez direla gehiago beharko Etxe Zurian. Haren iritzi askorekin desadostasun gogorrak izan ditut, administrazioko [jende] gehiagok izan dituzten bezala, eta horregatik eskatu diot Johni dimisioa, eta gaur goizean eman dit». Boltonek beste bertsio bat eman zuen sare sozial berean: «Bart, dimisioa ematea proposatu nion, eta Trump presidenteak esan zuen: 'Hitz egin dezagun bihar horri buruz'». Trumpek duela bi urte eta erdi hartu zuen presidente kargua, eta epe horretan kaleratu duen Segurtasun Nazionalerako hirugarren aholkularia izan da Bolton.

Segurtasun Nazionalerako aholkularia AEBen atzerri politika militarrean eragin handia duen kargua da, nahiz eta ez duen aurrekontuen gaineko botererik, Estatu idazkariak eta Defentsa idazkariak ez bezala. Trumpek iazko apirilean izendatu zuen Bolton, H.R. McMaster ordezkatzeko. Presidenteak hilabete berean egin zuen aldaketa Estatu Departamentuan ere, Rex Tillersonek kargua utzi ondoren Mike Pompeo Estatu idazkari izendatuta. Oraingoz, ez du Boltonen ondorengorik jakinarazi, baina adierazi du «datorren astean» izendatuko duela.

Hurrengo aholkulariaren izenarekin batera jakingo da presidenteak zer bidetatik gidatu nahi duen AEBen atzerri politika datorren urteko hauteskundeak bitarte. Bolton belatz gisa deskribatu izan dute AEBetan zein nazioartean, atzerri politika erasokor eta militarista defendatu baitu. Asteotan, nahikoa lan izan du Trump konbentzitzen Afganistango talibanekin sinatzekoa zen bake akordioa bertan behera uzteko. Trump aurrera egiteko prest zegoen, eta talibanen liderrak Camp David presidentearen egoitzara gonbidatu nahi zituen.

Boltonek lortu zuen haren nahia, eta Trumpek azkenean iragarri zuen elkarrizketak «hilda» zeudela. Halere, ez dirudi Boltonen esanak gustura bete zituenik. Gainera, AEBetako hedabideek azken hilabeteotan hainbat artikulu argitaratu dituzte Boltonen eta Pompeoren arteko harremana oso txarra dela esanez.

Tentsioa handitu da

Trumpek presidente izendatu zutenetik agertu du eszeptizismoa itsasoaz bestaldeko esku hartze militarren inguruan, eta negoziazioak iragarri izan ditu gatazkak konpontzeko. Boltonek ez zuen horrekin bat egiten. The New York Times egunkariaren esanetan, Trumpek elkarrizketa pribatuetan aipatu izan du Boltonek gogo handiegia zuela AEBak beste gerra batean sartzeko.

Bi agintarien arteko tentsioa areagotu egin da azken hilabeteotan. Trumpek bertan behera utzi zuen Iranen aurkako aire eraso bat ekainean, Teheranek drone bat bota izanaren aurrean «neurriz kanpoko» erantzuna zelakoan. Bolton erasoaren alde zegoen, eta jendaurrean kritikatu izan du Trumpek Ipar Korearekiko duen jarrera. «Misilak probatzea gustatzen zaio», esan zuen presidenteak Kim Jong-un buruzagiaz.

Trumpen asmoak Teheranekin duen harremana hobetzea eta Ekialde Hurbileko giroa baretzea dira, baina ikusteko dago kargurako izendatuko duen hurrengoak haren desio aldakorrei men egingo dien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.