mikel elorza
ARKUPEAN

Ergelkeriaren urrezko maskorra

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Bazela garaia, pentsatu nuen, baina albistea ona zela ere bai, eta hobe zela berandu sekula ez baino. Erreskateaz ari naiz, Mediterraneokoaz. Milaka lagun lokalizatu zituztela nora ezean Grezian, Turkian, Tunisian, Balearretan, eta berehala mugitu zirela hainbat estatu Europa zibilizatuko, Erresuma Batua eta Espainia bereziki, eta aparteko planak abian jarri zituztela pertsona horiek denak onik etxeratzeko. Greta Thunbergen espirituak kutsatu ote zituen...

Neuronak nagiak ateratzeko behar duten denbora behar izan nuela errealitatera itzartzeko esan nezake, baina hori ere ez da egia. Hasieratik nekien Mediterraneotik erreskatatu behar dituztenak, eta Kanariar irletatik, ez direla patera, cayuco eta bestelako hil-ontzietako bidaiariak. Thomas Cook bidai-enpresa erraldoiaren porrotak galduta utzi dituen turistak dira. Hotel, luxuzko ontzi eta bestelako turismo egoitzetan zeuden britainiar eta abarrak, euren estatuek zalu etxeratuko dituztenak. Erakutsiz milaka lagun Mediterraneotik ateratzeko baliabide falta ez dutela, faltan beste gauza batzuk dituztela (lotsa...); eta soberan (hipokrisia...). Ditugula. Klima aldaketaren kasuan bezala, gu, gure protesta eta prekarietatean ere, turista britainiarren hareetan baikaude, egotekotan; guk toallak izaten ditugu zain uretatik ateratzengarenean, ez tapaki isotermikoak.

Parodia zen, eta jarraituz, gure herrira ekarriko balituzte ere, migrariak diot, ez dakit tokirik izango genukeen haientzako gelak egiteko. Izan ere, etxeetako sukaldeak handitu behar ditugu, Euskal Erdian, eta beraz espazio gutxi geratzen da bisitarientzat. Zertaz ari naizen? Ergelkeriaren Richter eskalan 10etik 11 lortu duen proposamenaz. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailekoek zirriborro bat egin ei dute —zirriborro hutsa dela azaldu beharko dute lotsagorrituta, ezta zirriborro ere...— proposatuz aurrerantzean egitekoak diren etxeetan sukaldea handiagoa izan dadila, gizonezkoak sartu ahal izateko, eta horrela borrokatu genero bereizkeria, erraztuz gizonezkoak sukaldean sar daitezela, oraingoetan kabitzen ez direlakoan emazteekin batera, lanakpartekatzeko.

Ez da broma, egia da. Adituak (edo) entzun ditut nik azalpenak ematen. Serio. Seguruenik beren aholkulari lanagatik kobratuko zuten adituak. Sukaldeak handitu gizonezkoak sar daitezen emazteekin batera eta hartaka lanak elkarbanatu! Latza! Batzuetan ematen du Ertzaintzak obsesiboki atzematen dituen marihuana plantazioak ez direla Zabalgarbin erretzen, Lakuan baizik.

Gizonezkook baditugu sukalde handiak, elkarbanatzen ditugunak: lagunekin partekatzen ditugu, pozarren, eta elkarte, txoko edo soziedade deitzen zaie. Edo jatetxe, sukaldean gurekin daudenei pagatzen diegunean, etxean ez bezala (bueno, bekarioei ere ez). Utz ditzagun pitokeriak: irekitzen hasita, ez da sukaldeko atea ireki behar, trapuak gordetzen dituen tiraderakoa baizik, komunerako lixibarena, haurren arropak dauden armairukoa, plantxa dagoen tokikoa, gurasoen pilulak gordetzen direnekoa... Eta hori ere ez, horrela ez. Ez digu inork ezer ireki behar, guk geuk ireki behar ditugu, hasteko, buruak.

Horrelakoek proposatzen dituztenek dirusaria jasoko dute eta Skolae programa diseinatzen dutenak kanporatu eta auzipetu. Izugarria da. Pintadak zioen moduan, «mundu okerrago bat posible da».

Azken ohar bat nire aldetik Etxebizitza Sailekoei: sukalde eta gela txikiagoekin bada ere, jendeak, gizon eta emakumezko, batez ere gazte, behar dituenak etxeak dira, prezioan bai neurrikoak, duinak, betiko ito gabe erosi edo soldata hipotekatu gabe alokatzeko moduan.

Utzi parekidetasunaren aldeko borroken plangintzak urtetan ari direnei, ederki asko ari dira-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.