Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Haurrak ikas ezazue

2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun

2020ko irailean Larrun izeneko eskola berria irekiko omen da Donostian, Amara auzoan, Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak bultzaturik. Eskola honen berezitasuna honetan datza: frantsesa eta euskara irakatsiko direla bertan.

 

Donostiako frantziar lizeoak ateak itxi zituen 1998an, frantsesa ikasteak arrakasta galdu baitzuen, ingelesaren mesedetan. Hogei urte berantago, proiektu honek nortasun amankomuna eta hizkuntzak partekatzeko bidea emanen omen du. Ikasleak euskaraz eta frantsesez maila berean mintzatuko dira, azaldu du irakasleak. Donostiar guraso anitzek frantsesa irakatsia izan dadin eskatzen du, euskara atxikiz. Eta proiektua gauzatu ahal izateko, Euroeskualdea Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu da hezkuntza kontzertazioa lortzeko. Eta finantzabiderako, Akitania Berriak 200.000 euro jarri ditu mahai gainean. Ongi.

Irailean eskolaurreko hiru ikasgela irekiko dira, euskaraz eta frantsesez murgiltze sistema erabiliz, eta urtetik urtera Batxilergoaren bukaeraraino joanen dira. Ongi. Eta hor, ikasleek Bachibac deituriko diploma pasatzen ahalko dute, Bidasoaz bi aldeetan ezagutua izanen dena, ikasketak Frantzian nahiz Espainian segitzeko aukera ukanen dutelarik. Ongi.

Proiektu horren berri jakitean, Seaskako Etxepare lizeoan dauden gure ikasleek ikasketak EAEko ikastetxeetan jarraitzeko dituzten zailtasunak jin zaizkit gogora, oihuka. Gure gazteek Seaskako ibilbidea bukatu eta euskaraz ikasketak segitzeko aukera bakarra (Baionako Euskal ikasketak izan ezik) hegoaldeko ikastetxeetara jotzea dute, Batxilergoaren ondotik dauden aukeretako batean, alegia: unibertsitatean, Lanbide Heziketako Goi Mailako Prestakuntza Zikloan edota Lanbide Heziketako Erdi Mailako Prestakuntza Zikloan. Ba, sekulako zailtasun eta oztopoak dituzte gure ikasle hauek.

Trabak urrats bakoitzean aurkitzen dituzte: balizko matrikula egiteko lehenik, informazioa aurkitzeko mataza korapilatsuan barna galtzen baita edonor, eta argitze aldera hezkuntza sailera deitu eta telefonoaren bestaldean euskaraz aritzeko zailtasunak dituen pertsona egokitzen zaielarik, etsipena ez dabil urrun.

Gero, dokumentuei loturiko oztopoak gainditu behar dituzte, EAEko matrikula epean ez baitute oraindik Baccalauréat titulua lortua. Eta noten balidazioan ez dira kontuan hartuak ikasturtean zehar lortutako emaitzak. Hondarrak baino ez zaizkie gelditzen.

Ondotik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskatzen dituen nahitaez aurkeztu beharreko agiriak datoz: EAEko jatorrizko errolda ziurtagiria.

Zein aukera dute Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean edota Zuberoan erroldatutakoek?

Agiriak aldez aurretik legeztatuak eta ofizialki itzulita egon beharko dira (EBko herrialdeak eta Suitza izan ezik: hau kontuan hartzen bada, nolatan ez dira Etxepareko ikasleak EAEko ikasleen prozedura berean sartzen ahal?

Kasu guztietan, homologazio prozesuaren azken onarpena Madrilek du ematen, eta hegoaldeko zentroetatik epez kanpo iristen da. Berantegi edozein deialditan sartzeko. Lekuak betetzen badira, gure ikasleek baldintza guztiak bete arren, ikasturte horretara sartzeko paradarik ez dute izaten LHGZen kasuan. EHUren kasuan aldiz konpondua da. Zorionez!

Euskarazko heziketa hautatu duten euskal herritarrentzat ez dago Bachibac delakorik.

Donostiako Larrun izeneko eskola franco-vasca edo vasco-francesa-ri bidea leundu badiote erakundeek, hainbat hobe, baina frantziar estatuak euskararen irakaskuntzaren aurka hartu dituen azken neurriak hortxe daude agerian. Honi interesatzen zaiona ez da euskararen bilakaera, frantsesarena baizik.

Etxepare lizeoko ikasleek Herkulesen hamabi lanei aurre egiten segitu beharko dute gero eta sortzaileagoa den Hera baten aurrean. Kuraia on!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.