Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Txapeldunak!

2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ez dakit nola gertatzen den Hego Euskal Herrian, baina Lapurdiko ikastoletan ez da hilabeterik iragaten haurrentzako lehiaketa baten proposamenik hartu gabe.

Herrietako edozein elkartek antolaturiko ekitaldiak bultzatzeko asmoz, bota lehiaketa!

Motibatzeko dela argudiatzen dute antolatzaileek, saria behar baita haurrengan ahalegina eragiteko nonbait... Esperientzia (luzea) lagun, gero eta begi txarragoz ikusten ditut iniziatiba horiek.

Lehiaketa baten aitzinean, haurrak nahi duena irabaztea da, eta hori lortzen ez badu, bost axola zaio honako hau bezalako oharra: «Oraingo honetan saritua ez bazara izan, gonbita egiten dizut berriro saia zaitezen; behar bada, hurbil ibilia zara, baina horren berri jakin gabe; gogoan hartu ahaleginak saria dakarrela beti berekin».

Irabazlearentzat bikaina dela zalantzarik ez da, baina beste guztientzat zer gertatzen da? Hau ote da transmititu nahi diegun eredua?

Bizitza horrelakoa da, lehiakorra izan behar da, eta haurrak horretara prestatu behar ditugu. Horrelako argudioak entzuten ditut proposatutako lehiaketetan ez parte hartzea erabakitzen dugunean.

Egia, nahikoa eta sobera neurtuak, sailkatuak eta mailakatuak dira haurrak hola-hola eskoletan, disekatuak erranen nuke.

Ikasketetan neurtuak dira, musika ikasten badute, azterketa zorrotza gainditu behar dute maila batetik bestera iragateko, kirol munduan zer esanik ez... lehia da nagusi, eta, askotan, pena handiagoa ematen dute kirol-zelai bazterretik orroka ari diren gurasoek haurrek berek baino.

Baina, tira. Kirolean zeingehiagoka aritzera ohituegiak gaude, bestela irudikatu ahal izateko ere.

Arte mailan, aldiz, gogorra da haurrei inposatzen zaien lehia, irizpideak askotan lausoak baitira. Hona berehala heldu zaizkidan adibide batzuk, esanguratsuak, nire ustez.

Marrazki lehiaketa oso erosoa da, adin guztiei irekia izaki, eta orriaren formatua mugatzearekin aski da. Berdin dio teknika zein den, arkatza, pintura, margoa, argizarizkoak, bolaluma...

Gaiak: Pastore lore (Azkainen udazkenean pottokak eta ardiak menditik herrira jaisten dira, eta besta giroa antolatua da). Hiru ikastetxe daude Azkainen, ikastetxe bakoitzean marrazki bat hautatua izanen da. Horrela, jeloskorrik ez! Nor dago epaimahaian? Turismo bulegoko kideak.

Edo, bestela, herriko bestak: Bixintxoak. Eta bestetako kartela egiteko haur baten marrazkia hautatua izanen da. Epaimahaia? Turismo bulegoko kideak.

Fandango txapelketa, herriko bestetan. Bestela ezin al da dantzatu?

Kantu txapelketa. Horretarako, behin baino gehiagotan galdetu izan didate epaimahaikide izatea... eta hor ere, dena nahasia da: taldeka izan, bakarka, sorkuntza izan ala bertsioa, musikariekin zein a cappella... zaletasuna bultzatzea omen da helburua. Niri ihes egiteko gogoa ematen dit. Halaber, ipuin eta olerki lehiaketak ere nonahi proposatuak dira.

Bueno, eta bestela pentsatzen hasiko bagina?

Kantuaren eguna antola daiteke, nahi duenak parte har dezan, bertsolari txiki egiten den bezala, edo idazleen eguna.

Duela lau bat urte, Sarako Biltzarrerako haurren parte hartzea gogoetatu, eta beste eredu bat proposatu genuen: hala nola inguruko ikastetxeei haurrek idazlan edo artelan edo dela-delakoa sortzea eskatzen bazitzaion, trukean lan guztiak agerian ezarriko zirela biltzarreko gune batean. Eta haurren idazlanak liburu batean bilduak izanen zirela.

Bada, harrigarria badirudi ere, ez da inoiz parte hartzailerik eskastu. Sailkapenik ez dago, irabazleak denak dira, eta eginiko lana benetan errespetuz hartua da. Gainera, epaimahai beharrik ere ez!

Haurrek marrazten dute, abesten dute, idazten dute. Motibazioa badute, plazerez aritzen badakite, beren sorkuntza aintzat hartua izanen dela jakinez gero. Lehiaketaren sistematizazioa ez ote da helduon irudimen eskasaren seinalea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.