ELN: «Ulertzen dugu Kolonbiak sakoneko aldaketak nahi dituela»

Talde armatuak esan du herrialdearen «egitura eraldatzea» lortu nahi duela bake negoziazioetan

ander perez zala
2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Kolonbiako Gobernuak eta ELN Nazioa Askatzeko Armadak berriz hasi dituzte bake negoziazioak. Atzo egin zuten lehen saioa —Euskal Herriko ordu txikietan—, eta giro positiboa izan zen nagusi hitzordu horretan, baita bi aldeen arteko hitz onak ere, besteak beste, gobernuaren ordezkaritzaren buruzagi Danilo Ruedak esan baitzuen «sintonia» zegoela elkarrizketa mahaiaren inguruan eseri zirenen artean. Horren beste adibide bat izan zen Bogotak eta ELNk komunikatu bateratu bat argitaratu zutela, adierazteko jakitun daudela berriz negoziatzea indarkeria jasaten ari diren lurraldeen «eskari bat» zela. Are, gerora, talde armatuaren ordezkaritzaren buruzagi Israel Ramirez Pineda Pablo Beltran-ek gehitu zuen herrialdeko «egitura eraldatzea» duela helburu ELNk, honakoaz konturatu baita: «Ulertzen dugu Kolonbiak sakoneko aldaketak nahi dituela».

Bake elkarrizketa sorta horrek hogei egun inguru iraungo du, eta, Venezuelako hiriburuan hasi duten arren, baliteke Kuban eta Norvegian batzartzea. Ez dago argi bi aldeek zenbat denbora beharko duten adostasun batera heltzeko, baina, atzo, Armando Benedetti Kolonbiaren Venezuelako enbaxadoreak RCN telebista katean ohartarazi zuen litekeena dela hiru urte irautea, Kolonbiako Gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak zenaren artekoekin gertatu bezala.

Edonola ere, badirudi Kolonbiako Gobernua eta ELN baikor direla, eta konpromisoa hartu dutela bake akordio bat lortzeko. Ruedak, hain justu, ziurtatu zuen «erantzukizuna» dutela Kolonbiako «datozen belaunaldiekin», eta talde armatuaren ordezkaritzaren buruzagiak ohartarazi zuen ELNk ez duela «ezer eskatzen» bake negoziazioetarako. «Hori da garrantzitsuena», Beltranen arabera.

Petroren lehentasun bat

Gustavo Petro aurtengo ekainaren 19an aukeratu zuten Kolonbiako presidente, hauteskundeen bigarren itzulian. Kanpainan, adierazi zuen bakea lortzea bere lehentasunetako bat izango dela, Kolonbia «bizitzaren potentzia bat» bilaka dadin.

Horren harira onartu zuten Diputatuen Ganberak eta Senatuak, hilaren 4an, talde armatuekiko bake elkarrizketak arautzeko lege bat. Negoziazioen bidez gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea da horren helburuetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.