Albistea entzun

Migrazioaren eztabaidako fronteak

Estatuen arteko desadostasunak handitzen ari dira abenduko goi bilerari begira. Iheslarien eskubideak murrizteko legea onartu dute Italian
Salvini Italiako Barne ministroa, artxiboko irudi batean.
Salvini Italiako Barne ministroa, artxiboko irudi batean. ETTORE FERRARI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 30

Migrazioaren inguruko goi bilera garrantzitsua dute NBE Nazio Batuen Erakundeko estatuek, Marrakexen (Maroko), abenduaren 10ean eta 11n. Bilera horretan, iragan uztailean adosturiko Migraziorako Munduko Ituna sinatuko dute: hitzarmena loteslea ez den arren, gatazka eta eztabaida ugari sortu ditu hilabeteotan, eta keinu eta erabaki diplomatiko askoren oinarri izan da; batez ere, asteon. Europan bertan, akordioak agerian utzi du, beste behin ere, migrazioaren inguruko ikuspuntu anitz daudela talde komunitarioan: bi eguneko epean, Italiako Diputatuen Ganberak migratzaileen eskubideak murrizten dituen legea onartu du, eta Alemaniako Parlamentuak baiezkoa eman dio Marrakexko ituna sinatzeari. Eslovakiakoak, berriz, hori ez egiteko eskatu dio gobernuari. Desadostasunak, beraz, agerikoak dira.

Gaur-gaurkoz, hamar bat gobernuk adierazi dute migrazioaren akordioa ez sinatzeko asmoa: AEBek, Hungariak, Austriak, Australiak, Bulgariak, Israelek, Poloniak, Suitzak, Txekiak eta Italiak. Herrialde horien argudioa zehatza da: itunak «subiranotasun nazionala» oztopatzen duela. Gutxi dira —NBEn 193 herrialde daude—, baina migrazioaren inguruan indarra hartu duen diskurtso bat irudikatzen dute.

Jarrera horren adibide da Italian onartu berri duten legea: Matteo Salvini Lega eskuin muturreko alderdiaren buruzagiak eta Barne ministroak bultzatuta, orain migratzaileek askoz ere zailago izango dute herritartasuna lortzea, «babes humanitariorako» estatusa eta egoitza baimena eskuratzea, eta beste hainbat laguntza jasotzea. «Italia seguruago izateko aurrerapauso bat», txiokatu zuen Salvinik, legeari erreferentzia eginez.

Ganberako saioaren ostean, Italiako lehen ministro Giuseppe Contek migrazioaren auziaren inguruko agerraldi bat egin zuen, eta, haren hitzak aztertuta, agerian geratu zen iragan uztaileko testua adosteko saioetan izan ziren herrialdeetako askok kontrako iritziarekin ikusten dutela orain testua. Hemezortzi hilabeteko negoziazioen emaitza izan zen, eta, besteak beste, 23 oinarri adostu zituzten, sinatzaileek horiek kontuan har ditzaten etxean, migrazioarekin zerikusia duten neurriak hartzerakoan.

Hain justu, oinarri horiek jarri dituzte jomugan eskuin muturrak eta migrazioaren aurkako gobernuek, etxeko ahaleginak «murrizten» dituztelakoan.

Schengeneko kontrolak

Migrazioaren auzia lehen lerrora itzuli den une berean, Europako Parlamentuak Schengen eremuko kontrolak urtebetera murrizteko eskatu du. Egun, bi urtekoak dira, eta epea aldatzeko beharra dagoela uste dute eurodiputatuek: horregatik, atzoko saioan, parlamentuak erabaki zuen bere jarrera zehaztea, Europar Kontseiluak auziaz izango dituen eztabaidei begira. 2015az geroztik, sei herrialdek jarri dituzte martxan kontrolak etenik gabe; tartean, Frantzia eta Alemania.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Saudi Arabiako Mohammed bin Salman printzea Joe Biden AEBetako presidentearekin ©BANDAR ALJALOUD HANDOUT / EFE

Emakume saudiarabiar bati 34 urteko espetxe zigorra ezarri diote Twitterren duen jardunagatik

Lide Egizala Urteaga

Salma al-Xehab izena du, eta bere delitua izan da Palestinako eta Yemengo herrien abertzaletasuna babestu eta emakumeen eskubideen alde agertzea. Saudi Arabiak emakumeen eskubideak defendatzen dituen ekintzaile bati ezarri dion kondenarik luzeena da.

Mahmud Abbas, artxiboko irudi batean. ©MOHAMAD TOROKMAN / POOL

Mahmud Abbas: «1947tik gaurdaino, Israelgo Gobernuak 50 sarraski egin ditu Palestinako 50 herritan»

Nagore Arin

Harrabotsa sortu dute Mahmud Abbas Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteak Israeli buruz esandakoek. Palestinarren aurkako «50 holokausto» egin izana leporatu dio Israeli.

Kataluniako atentatuak, bosgarren urteurrena

Erasoen osteko galdera gordinak

Gorka Berasategi Otamendi

Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuek ezin ulertua eragin zuten, egileak gizartean «integratuta» zeuden gazte batzuk zirelako. 16 hildako eta 140 zauritu utzi zituzten.
«Eskoletan egiten ari dena ez da prebentzioa, antiterrorismoa da»

 ©BERRIA

«Eskoletan egiten ari dena ez da prebentzioa, antiterrorismoa da»

Gorka Berasategi Otamendi

Erradikalizazio prozesua askotariko faktoreen uztartze bat da, Vidalen iritziz. Ohartarazi du nazioarteko politikek ere zuzeneko eragina dutela indarkeria jihadistaren indartzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.