Fianna Failen ezezkoa jasota, Sinn Feini zaildu egin zaio agintera iristea

Alderdien arteko betoak oztopo handi bilakatu dira Irlandako Errepublikako Gobernua osatzeko

ander perez zala
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Sinn Feini zailtzen ari zaio Irlandako Errepublikan koalizio gobernu bat osatzea, eta, hortaz, lehenengoz agintera iristea. Mary Lou McDonald alderdi horren presidenteak erronka bota zion atzo Micheal Martin Fianna Failen (FF) buruzagiari, «aldaketarako programa bat» adostu eta bi indarren arteko koalizio bat osatzeko. Proposamenak, ordea, ezezko borobila jaso zuen, eta FFk erantzun zuen bera ere saiatuko dela koalizio bat eratzen, Sinn Fein gabekoa.

Berez, McDonalden lehentasuna ez da FFrekin elkartzea, baina eskari horren bidez herritarrei helarazi nahi die gobernu bat eratzeko saiakerak egiten ari dela, eta, arrakastarik izaten ez badu, ez dela izango saiatu ez delako; alegia, errua beste alderdiena izango dela. «[Martinentzat] Ezinezkoa izango da jarrera horri eustea», adierazi zuen Sinn Feinek presidenteak.

McDonalden lehentasuna ezkerreko koalizio gobernu bat osatzea da, baina oso zail du behar adina babes lortzea, alderdi eta diputatu independente askoren baiezkoa behar duelako; herenegun abiatu zituen negoziazioak, eta atzo Sozial Demokratak alderdiarekin elkartu zen —sei diputatu ditu parlamentuan—: «Bilkura eraikitzailea izan da. Gure nahia aldaketaren gobernu aurrerakoi bat osatzea da, herritarrei erantzunak emango dizkiona».

Testuinguru korapilatsua

Iragan igandeko bozek testuinguru korapilatsua sortu zuten, hiru alderdik antzeko emaitzak lortu baitzituzten: FFk eskuratu zuen ordezkaritzarik handiena, 38 diputaturekin, eta atzetik geratu ziren Sinn Fein, 37rekin; aurreko agintaldian boterean egon zen Fine Gael (FG), berriz, 35 ordezkarirekin. 80 diputatutan dagogehiengoa, eta kopuru horretara iristeko erronkari gehitu egin behar zaizkio alderdiek kanpainan eta egunotan finkatu dituzten betoak.

FFk eta FGk ez duteSinn Feinekin negoziatzeko asmorik, ezta, atzo arte adierazitakoaren arabera, euren artean ados jartzeko ere. Biak akordio batera iritsita ere, beste alderdien edo independenteen babesa beharko lukete; hortaz, gaur-gaurkoz, bigarren bozak egiteko aukera handiak daude errepublikan. Sinn Feinek atera lezake etekinik horretatik: igandean boto gehien jaso zuen indarra izan zen, eta ez zuen ordezkaritza handiagoa lortu hautagai gutxi aurkeztu zituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.