Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Baldintzak vs merituak

2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
«Egun on, Darias anderea», esan zion Cayetana Unamuno teknikariak. Kanarietako ordutegia atzean utzi ezinda, ordubete berandu zetorren ministroa, berandu eta presaka. «Egun on, bai; deitu Carolina edo Caro, mesedez», erantzun zion greka berokia eskegi bitartean. «Ongi da, Carolina. Ni Cayetana edo Caye...», «Ixo, denbora gutxi dugu, aurkezpen batera joan behar dut eta. Egin duzu emailez agindutako lana?», moztu zion ministroak. Ilean gantxo bat jarri zuen eta besaulkian eseri zen, lan berrirako prest. Cayetana edo Cayek magalean zuen dokumentuaren kopia eman zion mahaiaren beste aldeko hasiberriari, buruarekin baietz eginez.

Folio pare bateko txostenak izenburu argia zuen: Funtzio publikoko langileen prototipoa. Azala pasatu eta testua begiradarekin eskaneatzen hasi zen ministroa, teknikariaren azalpenei kasu handirik egin gabe: «Lehengoan Kongresuan entzun zintudan, eta han emandako erantzunaren estrapolazioan oinarritu naiz profil egokiena zehazteko. Han adierazitakoari jarraiki, baldintza gisa definitu ditut guztiz ezinbestekoak diren elementuak, eta meritu gisa utzi baliagarri izanagatik oinarrizko ezaugarriak ez direnak». «Ongi» bota zion ahapeka nagusiak, lehen paragrafoa irakurtzen amaitu nahian. «Hortaz», jarraitu zuen funtzionarioak, «funtzio publikoko langilea izateko gaztelania jakitea izango da hizkuntza baldintza bakarra; euskara, katalana eta gainerakoak merituak izango dira». «Oso ongi», esan zion Darias andereak, Kongresuan egindako agerraldia ulergarria izan zela berretsita. «Ingelesa, frantsesa edo beste zeinahi atzerriko hizkuntza ere ez dira baldintza izango, ezta enbaxadetan edo kanpo harremanetarako ministerioan lan egiteko ere; itzulpen enpresek ez ligukete barkatuko...», esan zuen Cayek ondoren, lasaitzen hasita. «Eta goi mailako titulaziorik ere ez dugu baldintza gisa jarriko; hainbat politikariren masterrekin izandako gorabeherez jabetuta, argi dago graduak eta graduondokoak curriculumetako makillajeak baino ez direla. Eskola graduatu on batekin, nahikoa eta sobera...». «Ederki, ederki», erantzun zion kanariarrak erlojuari begira.

«Horraino aurrerapauso nabarmena eginagatik, are aurrerago joan nahi duen koalizio-gobernua izanik egungoa, baldintza berritzaileak gehitu ditut, Caro», erantsi zuen teknikariak aulkian eroso eseri bitartean. «Adibidez, baldintza gisa jarri dut 'emakumea ez izatea'; ezaguna da emakumeek lanaldi murrizketa gehiago eskatzen dituztela eta haurdun gera daitezkeela; kontziliazioa kanpainako mantra baino ez da, denok dakigu ez dela posiblea egungo egoeran», esan zuen Darias ministro andere emakumearen aurpegiari erreparatu barik, arnasa hartzeko nanosegundo bat baliatuz. «Are gehiago, hortik ondorioztatu dut hurrengo baldintza: 'familiarik ez izatea'. Hartara, eskolara eraman beharreko adingaberik ez eta zaindu beharreko adinekorik ere ez... eta lana nahi duenak, familian zamarik badu, laster izango du eutanasiaren legea eskura!», sermoia entzun zuen Darias ministroak, adoptatutako hiru alaben eta senarraren argazkia autoan ahaztu zuela gogoratuta. «Tira, Unamuno anderea, agian urrunegi eraman dituzu nire hitzak...», erantzuten saiatu zen Carolina, baina Cayetana isilarazteko beranduegi zen. «Beraz, ez emakumea, ez familiaduna... eta, noski, aniztasun funtzionalik ere ez dugu baldintza gisa onartuko funtzio publikoan, gizarteratze politiketan xahutzen dena ikusita...», bota zuen teknikariak asaldatuta. Ministroa pentsatzen hasia zen lehen bilera hura lan berriko inuzentekeria zela, baina... «azken kontu bat: abian jarri duzuen digitalizazio plan estrategikoa azpimarratzeko, agian 'idazten jakitea' meritu egin beharko genuke, eta ez baldintza. Gaur egun dena da instagram eta youtube, eta idatzi behar izanez gero, sakelakoaren autodiktaketa erabiltzea dago...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.