Iaz 70 milioi barne desplazatu baino gehiago zeuden munduan

Ikerketa baten arabera, desplazatu kopuruak %20 egin du gora aurreko urtearekin alderatuta

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Tenperaturen gorakadak larriagotutako hondamendi naturalek eta gatazka armatuek 70 milioi barne desplazatu baino gehiago utzi zituzten iaz, Barne Desplazamenduen Behatokiak (IDMC) eta Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluak (NRC) atzo argitaratutako txosten baten arabera. 2013tik, kopuruak gora egin du etengabe. Urte hartan 33,3 milioi ziren lekualdatuak. Igoerarik handiena, hala ere, 2018 eta 2022 bitartean izan zen: 41,5 milioitik 70era. Zehazki, 2022ko abenduaren 31n 62,5 milioi ziren gatazkek eta biolentziak eragindako desplazatuak, 65 herrialdetan. Hondamendi naturalen eraginez, berriz, 8,7 milioi pertsonak utzi behar izan zuten etxea, 88 herrialdetan.

Dokumentuan zehazten denez, joan den urtean 60,9 milioi barne mugimendu edo lekualdatze izan ziren: 2021ean baino %60 gehiago. Oraingoan ere, datuak errekor berria ezarri du. Banaketa geografikoa ondorengo hau da:%28,2 Europan eta erdialdeko Asian, %27,1 Saharaz hegoaldeko Afrikan, %20,6, Asia hegoaldean, %18,5 Asia ekialdean eta Pazifikoan, %4,3 Amerikan, eta %1,3 Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean.

2022an, 32,6 milioi pertsonak utzi behar izan zuten etxea hondamendien eraginez, eta gainontzeko 28,3 milioi kaltetuek, gatazken eta biolentziaren eraginez. Kopuruak %45 eta %17 handiagoak dira, hurrenez hurren, 2021. urtekoen aldean.

Gertaera natural bortitzen inpaktua bereziki gogorra izan zen iaz Asia hegoaldean (mugimenduen %99,7), Asia ekialdean eta Pazifikoan (%89,36), eta Ameriketan (%79,3). Hondamendiek eragindako barne desplazamenduen %98 fenomeno meteorologikoek eragin zituzten, besteak beste uholdeek, ekaitzek eta lehorteek. Gainontzeko %2 gertaera geofisikoen ondorioz izan ziren, lurrikararen eraginez bereziki.

Iaz bortizkeriaren ondorioz lekualdatu zirenen portzentaje altuenak hemen erregistratu dira: Europan eta erdialdeko Asian (%99,37), Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean (%61,24), eta Saharaz hegoaldeko Afrikan (%54,78). Mundu osoko gatazken ondoriozko barne mugimenduen %60 Ukrainan gertatu ziren.

Elikadura segurtasuna

Gatazkek, hondamendiek eta barne desplazamenduek «areagotu» egin dute munduko elikagaien segurtasun falta, txostenaren arabera. GKEek diotenez, elikagaien segurtasunari eta barne lekualdatzeei buruz eskuragarri dauden datuak «ez dira zehatzak», baina agerian jartzen dute bi fenomenoak gainjartzen direla. Elikadura segurtasunari buruzko ebaluazioak egin ziren herrialdeen hiru laurdenek barne desplazatuak zituzten. 2022an, adibidez, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Nigerian, Afganistanen, Etiopian eta Yemenen zeuden pertsona gehien elikadura-segurtasun falta akutuak jota. Aldi berean, 26 milioi desplazatutik gora zituzten: mundu osoko kopuruaren herena baino gehiago.

Ukraina eta Errusia daude munduko ongarri eta zereal ekoizle handienen artean. Dokumentuaren egileek azpimarratu dutenez, haien arteko gatazkak «eragina» izan du munduko hornidura kateetan eta elikagaien prezioetan.

Txostenean zehazten denez, eskudirutan ematen den baldintzarik gabeko laguntza «ezinbestekoa» da desplazamenduak eta elikadura segurtasunik ezak kalte egindakoen berehalako premiei erantzuteko. Egileen esanetan, ordea, berehalako laguntza humanitarioan ez ezik, beharrezkoa da ekintza prebentiboetan eta arriskuak murrizteko neurrietan ere inbertitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.