Inaki Galdos
ARKUPEAN

Aitorpena

2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun

Oker ez banago, maiatzean aurkeztu zen Hernanin Olano osaba-iloben fondo aberatsa, harribitxiz betetako altxorra. Grabazio aipagarrien artean, 1967ko uztailean Ramon Saizarbitoriak aurkeztu eta Gabriel Arestik emandako hitzaldia eta bukaerako eztabaida publikoko entzule batzuekin. Eladioak ere aipatu izan dira, baina horiek Arestiren kontra gogor jotzen zuten arren, egun horretakoak izen eta abizenez ezagutzen ditugun jelkideak izan ziren, Jesus Mari Olanok berak hil aurretik ezagutarazi zuenez. Euskadi Irratiko Lizardiren Baratza programan Jose Luis Padronek eskaini zigun grabazio osoa, sarean dagoena, inork entzun nahi badu. Bide batez, abuztuan zehar egunkari honetan Amagoia Gurrutxagak oparitu digun serie ederrean ere azaldu digu garai hartako giroa.

Hitzaldi hura hizpide, benetan solasaldi ederrak izan ditut udan, garaia bizi izan zuten hainbat adiskiderekin, lehen lerroan bizi ere, horrela esaterik badago. Eta deigarria egin zait azaleratu didaten ondorio nagusietako bat: gutxi gorabehera orduan hasi eta hurrengo hamarkadetan Euskal Herrian izan ziren eztabaida guztiak izan zirela sutsuak, zailak eta konplexuak; aldrebesak eta ulergaitzak ere bai sarri baina, oro har, gaur egun indarrean dauden eztabaida askotan baino errazagoa egiten zitzaiela iritzi bat izan eta horren araberako jarrera eta jardunak finkatzea. Adin kontua izan daitekeela, baina jokoz kanpo sentitzen direla orain usu. Kontua da, aitortzen dut, dezente gazteago izanik nik neuk ere antzeko sentimendua izaten dudala sarri aspaldion.

Benetan uda betea izan dugu polemiketan gure artean. Adibide pare bat aukeratzearren, Iruñeko Katrakaken Lucia Baskaranek Hasier Etxeberria zenari buruz esandakoaren ondoren sortutako zalaparta izugarria eta C. Tanganaren Bilboko kontzertua bertan behera utzi ondoren haizeratutako xextra. Bietan ala bietan eztabaida gordinak, mezu errukigabe asko tarteko. Eta ustekaberen bat ere bai, pentsatzen nuelako, inozoa ni, pentsamolde homogeneoagoa zegoela hainbat gairen inguruan euskal jendarteko sektore batean. Adibide gehiago jar ditzake batek, uda oparoa izan delako horretan, baina sarri izan ditut eztabaidak neure buruarekin, noizbait kostatu egin zait iritzi bat finkatzea eta, hau ere onartu egin behar, hainbat kontzeptu ulertzeko zailtasunak ere izan ditut, aringarri gertatu zaidan arren bakarra ez naizela ikustea.

Aitortzen dut krisia izan dudala udan. Arkupe honetara itzultzeko hitza emana nuen arren, benetan izan ditut zalantzak eta uneren batean erabakia ere bai telefonoa hartu eta etsi izanaren berri emateko. Zorionez gure agendan toki handia hartzen ari diren gaien inguruko begirale, irakurle, ikasle bihurtu eta, Bernardo Atxagaren Mo behiak proposatzen zuen bezala, hemendik urrutiratu eta bolada batez desertuan ibili, baina amore eman gabe berriz baso itzaltsuak ikusi arte.

Seguruenik beranduegi zen erabaki hori hartzeko, emandako hitza jateko. Eta aitortzen hasita aitortu beharko dut udan izan dudala hamabostean behin gustura irakurtzen ninduela esan didanik ere, tartean asko estimatzen dudan jendea. Barruan neramana adierazita, lasai egoteko gomendioak ere egin dizkidate, askotarikoa behar duela izan egunkari bateko artikulugileen gai-zerrendak. Gabeziak gabezia, hemen naukazue beraz bueltan, uste baino beldur eta zalantza handiagoekin, zerbait eskain dezakedala neure bururi sinetsarazi nahian. Honetan behintzat ez da uda lasaigarria izan nirea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.