Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Artzeren mendekua

2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Lehengoan, metroan nindoala, atzeko jarlekuko gazte biren elkarrizketaren azken hondarrak entzun nitinan: «Ez zagon onik gabeko gaitzik!», «Bai zera! Eta zer on ekarriko din coronavirus madarikatuak?», «Azken urteetan sarritan entzun dinagu ez dela pentsiorik izango guretzat, baina gaitzak pentsiodunen kopurua arintzen badin, akabo arazoa!». Nik ezin izan nionan barre txikiari eutsi, baina nire aldameneko edadeko gizona kopetilun samar jarri zunan. «Adierazpen askatasunaren eskubideak beste norbaiten oinarrizko eskubidea zapalduz gero...», esanez, lekutik altxa eta gazteen ate beretik jaitsi zunan.

Gazte horiek euren zilborrari begira mintzatu zitunan, eta, alde horretatik, arrazoia zinan iritziak eta zilborrak antzekoak direla esan zinanak: bakoitzak berea din, baina ez din askorako balio. Askotan, gainera, okerreko lekuan edo moduan erakusten dinagu, eta erakustaldiak kalte besterik ez zigun egiten. Horixe esanda, hementxe natorren, nire zilborra erakustera, hamabostero bezalaxe, sareetan ikusi dudan zilbor erakustaldi baten mina azaltzera.

UEMAko koordinatzaile Miren Segurolari elkarrizketa oso interesgarria argitaratu ziotenan Maxixatzen.eus atarian duela gutxi. 2003tik egindako lanaz mintzo dun azkoitiarra, etsigarri samarra den amua izenburu jarrita: «Udalak euskalduntzen ari ginen bitartean, udalerriak erdaldundu egin dira». Elkarrizketaren hasieran mankomunitatearen medailak eta abantailak kontatzen ditin... eta, halako batean, udalerri euskaldunen bilakaeraz galdetzen zioten. 2021eko neurketan jakingo omen dinagu beheranzko joerak berdin jarraitzen duen ala ez. Eta horren ondoren, perla hauxe botatzen din: «Udalerri erdaldunetan, aldiz, egoera bestelakoa da; euskal hiztunen kopurua gorantz doa, baina, agian, hobeto [sic] da Bilbon mila euskaldun irabaztea baino, Orexan (Gipuzkoa) hamar ez galtzea. Berrindartzen eta birsortzen ari den euskara eta erabiltzen dena herri euskaldunetakoa da, eta udalerri erdaldunetan euskararen ezagutza igotzen ari da, baina erabileraren igoera apala da».

Nola ez sentitu metroko edadeko gizonaren betozkoa! Beraz, mila bilbotarrek baino mesede handiagoa egiten zioten hamar orexarrek euskarari. Hamar orexarrek! «Berrindartzen eta birsortzen ari den euskara eta erabiltzen dena herri euskaldunetakoa da» esaldia eta lehenxeago aipatutako erabileraren beheranzko joera kontraesankorrak iruditzen zaizkidan, baina gogoz geratuko naun hamar orexar horiek ezagutzeko. Hori bai, nik, atrebentzia osoz, Bilbon egun bizi diren hamar lagunen izenak idatziko ditinat, aurpegia jar diezaiegun noizbait euskarak Bilbon irabazitakoei, ustez, gal litezkeen orexarrak baino galgarriagoak izan litezkeenei: Andres Urrutia, Xabier Kintana, Oihana Bartra, Ane Zabala, Natxo de Felipe, Urtzi Urrutikoetxea, Aiora Renteria, Joxerra Etxebarria, Katixa Agirre eta Galder Perez. Desiratzen nagon ezagutzeko Bilboko hamar biztanle horiek euskara berrindartzen eta birsortzen egindako lana gaindituko duten hamar orexarren izenak! Eta inork tentaziorik izango balin historiara jotzeko, Orixe ateratzen didanari, Gabriel Aresti, Sabino Arana edo Sorne Unzuetaren komodinak ateratzeko prest nagon.

Bilbon euskara galtzea edo Orexan galtzea ez dun gauza bera. Desiragarria ez dun inon, eta konparazioak gorrotagarriak ditun. Orexarrei opa zienat topa ditzatela euskaraz bizitzeko gogoa eta kemena. Izan ere, Bilboko kanposantuan ez bezala, erruaren ikuspegitik begira, euskara galduko balin hain herri euskaldunean, Orexako hilerrian zentzua izango liken Artzeren esaldi famatua epitafio bihurtzeak: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.