mikel elorza
ARKUPEAN

Marrak eta marrajoak

2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Azterketa burutsu askoak izan ditugu eta izango hurrengo egunetan eta ez naiz ni hauteskundeen ondorengo tratuen jiran luzatuko, baina kosk egin behar diot marra gorri kontzeptuari. Bitxia egiten baitzait erraz marrazten dituztela alderdiek marra gorriak, baina beti beste alderdiei dagozkienak: besteen jarduerarentzako mugak dira, ez ditzatela besteek marrok gainditu. Eta zein gutxitan akordatzen diren haiekin euren jardunean, botereari eustea jokoan dagoenean. Irudi luke botereak halako daltonismo bat dakarrela, gorri guztiak margultzen baitira norberak topo egiten duenean marrekin.

Utz ditzadan borroka politikoetako lokatzetako lerroak, hala ere, egin dezadan gora, gailurretako elur zuri eta zeru urdin aratzetara. Han ere bai baitira marrak, zuzenak ez badira ere. Ez bakarrik gorriak, gainera, marra koloreaniztunak dira. Everesteko gailurra zapaltzeko ilaran zain zeudenek osatzen zutena, adibidez. Hillaryren pasabidearen hasieran makina bat jarri dutela irudikatzera iritsi naiz, tiketak emateko, pantailatxo batekin.

Ilara luze absurduenak egiteko gai garela badakit, artea ez gustatuta ere museo baten sarreran, adibidez; edo bezperatik kanpin-denda jartzeko musika —edo ostikolari— talde bat ikustearren. Baina, nola esango dizuet, uzkia ere hormatzen zaizun tenperaturan, alde batera erorketa eta bestera erorketa handiagoa daukazula, orduak ematea ilaran, zain...Arraioa, Everest gailurreko bistak merezi behar du, merezi behar duenez.

Gladys del Estal hil zutela 40 urte bete ziren herenegun, eta ikur antinuklearra gogora etorri nahitaez, Pasang Tembaren plusbalioa lagun Martin Zabaletak Everest gailurrera eraman zuen ikurra —harekin batera euskaldunok ere munduaren gailurrean kokatuz—. Sekula pentsatuko Martinek eta Pasangek nuklearren beharrik gabe euren fedekideek hondatuko dutela azkar asko Everest, Chomolungma maitea. Eta bai, ni neu ere emozionatu nintzen, asko, eta harro sentitu mendizale haien balentriarekin; harekin eta hurrengo beste mordoxka batekin. Baina adinean gora eta entusiasmo mendigoizaletarrean behera joan ahala, alpinismoak, himalayismoak bereziki,izugarrizko paretak eta 12c+ mailako marrak gainditu dituela iruditzen zait.

Hori ez dela alpinismoa esango du askok, eta mendizaletasun mota desberdinak daudela. Eta arrazoi izango du. Baina, zoritxarrez, hori ere bada. Himalayismoa gure gizarte hau hartu duten ajeek hartua dago, 8.000 metroko eskalan, eta gu erlijio horretan oso debotoak izan garenez, koadro asko eta onak emandakoak, bada gure erru zatia ere onartu beharko dugu. Ondo dago pentsatzea gu ez, gu bestelako mendizaleak garela, bestelako moldeetan dihardutenak, bestelako xede eta jarrerarekin ekiten diotenak horri, baina gainerako mendizale komunitateek ere berbera pentsatuko dute. Denetan egongo dira puruak eta kutsatuak. Eta gurean oraindik komertzial xtreme-ak ez badaude ere (bestelako xtreme-ak saldoka), ez dezagun ahaztu gu elur haiek bota garestiekin zapaltzera joaten direnetakoak garela, elur horiek bezain zuriak, arropa eta material koloretako modernoenez hornituak.

Marra mordoa, bestalde, guardia zibilek sartu ahal izango dutena euskal ontzi batean 2.500 kilo atzeman eta gero.Eta marra lodia, ene uste harroan, kazetariek, gure telebistan, honen berri ematean iragan dutena. Ontziaren patroiaren azioen berri eman digute, luze eta zabal, haren aurrekari penalak eta ez-penalak ere haizatuz. Eta niri zalantza bat eta ziurtasun bat iltzatu zaizkit kopetako marran: gizon hau marrajo galanta dela ontzat emanda ere, zalantza, Oubiña beharrean Ibar deitura izan balu, albistea berdin emango genukeen; eta ziurtasuna, erantzuna bata edo bestea izan, hedabideetan marrak oso erraz mugitzen direla, urrutira.

(Gure Leire izena du ontziak; lastima, kostako tradizio santujaleari jarraiki, Alaineko Andra Maria ez birbataiatu izana.)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.