Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Haurrak, haurrak ederrak

2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Duela gutxi Hendaiako ikastolan irakasle egon nintzen garaiko guraso batzuekin topo egin dut Ziburun. Aspaldiko garaiak jin zaizkit gogora, ikasleekin ateraldi edo iniziatibak hartzeko askatasuna genueneko garaia hain zuzen ere. Haurrak gure autoetan pilatzen genituen batera eta bestera eramateko. Oroitzen naiz eskolaurreko 5 urteko dozena bat ikasle nola eraman nituen astebete-pasa Iratira, hango txalet batean egonaldia iragateko. Guraso pare bat eta neu abiatu ginen, autoetan haurrak, motxilak, eta astebeterako janaria generamala. Bertan bi heldu egon ginen haurrekin mendia ezagutzen, artzain baten etxera ere joan ginen, ekainean bordan baitzegoen artaldearekin udarako eta ardi- gasna nola egiten zen erakutsi zigun.

Oroitzen naiz euria egin zuela egun batean ere, eta kuku-gordeka aritu ginela pagondo xoragarrian, eta iluntzean sua piztu genuela kanpoan, eta kantuz eta ipuin kontari bukatzen genituela egunak.

Han ez zegoen sendagilerik, ezta sakelako telefonorik ere, eta larrialdirik gertatuz gero, Larrainera jaitsi beharko genukeen. Inkontzientzia, erokeria hutsa litzateke gaur horrelako zerbait antolatzea. Burutik ere ez litzaiguke pasatuko!

Ez naiz nostalgiazalea, baina gaur egungoarekin parekatzen badut, a ze aldea!

Irakaskuntza ikasgelatik kanpo eraman nahi badu, gaurko irakasleak ikaragarrizko motibazioa behar du, gure eskualdean hasteko... Edozein jardueratarako hamaika baitira bete beharreko baldintza administratiboak. Segurtasun mailakoak izanen balira, gaitz erdi, baina badirudi desanimatzea dela helburu gordea. Urrats bakoitzeko bi aterki irekitzera behartzen gaituzte, ateri izanik ere.

Aitortu behar da gurasoak ere aldatu direla, eta gure eskuetan uzten duten haurtxoari edozer gertatuz gero, zigor prozedurara aise jotzen dutela. Ondorioz,irakasleak beldurrez bizi gara eta normak betetzeari lehentasuna ematen diogu askotan jarduera interesgarriak antolatzeko orde.

Halere eta zorionez, badago oraindik ere «arriskua» hartzeko prest dagoen gurasorik, eta proiektua gustukoa izanez gero gurekin bat egiten duenik. Ihauterietan gertatu da aurten Azkainen.

Ikastolako «zaharrenekin», hau da Lehen Hezkuntzako 5. mailakoekin, etxez etxeko eskearen ohitura berpizteko asmoz hasi ginen duela lau bat urte. Ikasleek berek antolatzen dute ibilaldia, aitzinetik etxekoekin ikusirik nor litzatekeen taldeari harrera egiteko prest, eta nolabaiteko ordutegitxoa finkaturik. Aurten 5 etxetan zain genituen aitatxi-amatxiak. Eguraldia alde genuenez, oinez igaro dugu goiza Azkaingo auzo batetik bestera ibiliz, kantuz eta oihukatuz. Harridura ere eragin dugukarrikan gurutzatu ditugun oinezkoengan, jakin-mina beharbada, irriñoa besterik ez bada ere.

Ederra da haurrak gidari joatea, heldua gibelean, eta aitatxi-amatxiekin duten harremanaren lekuko izatea ere bai. Mutiko baten birramatxiri bisita egin diogunean harritu naiz ikasgelan aski mugitu edo bihurritzat dugun ikaslea zein arduratsu agertu den, nola lagundu duen emakumea mahaira janariaekarriz eta ondoren dena bilduaz.

Hastapen batean euskal ohidura biziaraztea nuen helburu, baina ekimen xume horrek nik aurreikusi baino ondorio gehiago izan ditu. Hasteko, haurrek esperientzia berezia bizi dute, jostagarria izateaz gain (eta jostatzea ez da guti), xaharrengandik haien gazte denborako kontuak jaso dituzte, haiek ere gazte izan zirela noizbait eta haiek ere etxez etxekoa ezagutu zutela, Xingar eta arroltze, bat edo bertze! oihukatzen zutela haiek ere, usaia galdu zen arte.

Eta batez ere, xaharren begiradetan gure bisitak piztu duen pindarra izan da haurrek atxiki duten oparirik ederrena.

Mila esker merezi duelarik prozedura administratiboak ahanzteko prest diren gurasoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.