ARKUPEAN

Berrogei urte

Iñaki Galdos Irazabal -

2020ko martxoak 31

Berrogei urte bete ditu gaur Eusko Legebiltzarrak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parlamentuak. Gernikan izan zen egun historiko hura, goiz eta arratsaldez, 1936an Jose Antonio Agirre lehendakari aukeratu zuten toki berean, Carlos Garaikoetxea han bertan lehendakari aukeratu baino bederatzi egun lehenago. Gerran legebiltzarra osatu ezinik, udal hautetsiek aukeratu zuten Agirre; hauteskunde ospatu berrien ondoren sortutako erakundeak, Garaikoetxea. Jakina denez, behin-behineko egoitza izan zen Gernikakoa, ordurako erabakia zegoelako Gasteiz izango zela erkidego sortu berriaren hiriburua. Portzierto, hogeita bost urte beranduago (2005) Xabier Arzalluzek Javier Ortizekin atondutako liburuan oraindik esaten zuen Gasteiz ez zela hiriburua, Iruñea izatea orduan ezinezkoa zenez, momentuz izendapen ofizialik ez egitea erabaki zela.

Juan Jose Pujana izan zen Eusko Legebiltzarreko lehen presidentea, baina hori baino garrantzi sinboliko (eta politiko) handiagoa izan zuen legebiltzarraren osaketa ekitaldian mahaiko legebiltzarkide nagusiena Jesus Maria Leizaola lehendakaria izateak eta, ondorioz, bere hitzaldia egin ahal izateak, etengabeko katearen erakusgarri. Adinagatik, Telesforo Monzon hautatu berriak ere izan zuen bere urte askotako gobernukidearen alboan mahai hartan egoteko aukera, baina ezaguna da Herri Batasunak hauteskundeetan bai baina erakunde hartan ez parte hartzea erabakia zuela, kanpainako ekitaldi nagusian Donostiako belodromoan txalo artean bi etakidek zabaldutako pankartak zioen bezala. Hirurogeitik lau bakarrik ziren emakumeak lehen legegintzaldi hartan. Soldata berriz, 135.000 pezetakoa izango zuten aukeratu berriek.

Gaiztotua zegoen giroa Euskal Herriko kaleetan. Adibidez, Errenterian BVEk eta Azkoitian ETAk gogor jo zuten bezperatan. Baina, aldi berean, hiru lurraldeetako hiritarrek erabakia zuten Gernikako Estatutuaren bidetik aurrera egitea; horren fruitu ziren legebiltzar sortu berria eta jaiotzear zegoen Eusko Jaurlaritza. Atzean geratua zen Xiberta, batzuentzat aukera galdua, baina garaiko beste protagonista batzuentzat ordurako erabakiak hartuak zeudenaren zertifikazio antzeztu samarra, totum revolutum-a Carlos Garaikoetxeak Elixabete Garmendiari aitortu zionez. Bazen, hala ere. legebiltzar jaio berriak beste zerbait egingo zuenaren itxaropena zuenik, sortu zen gehiengo abertzalea handia zela ikusi ondoren. Eibarko sozialistek 1931n erakutsi zuten ausardia ez erakutsi izana eta aukera historikoa geldi izana leporatu zien Julen Kaltzadak Zeruko Argia aldizkaritik, batez ere EAJri, baina baita HB eta EEri ere, gaur egun irakurrita harridura sortzen duen artikulu batean.

Berrogei urteko ibilbide luze eta oparoa bete du Eusko Legebiltzarrak. Baina une garratzen testigu ere izan da, tartean legebiltzarkide eta legebiltzarkide ohien erailketa basatiak eta mahaiko hiru kideren epaiketa bidegabea. Hau idaztean jabetzen naiz ez dela ospakizunetarako garairik aproposena, birus anker bat tarteko. Aldi berean, jabetzen naiz gure autogobernuaren muga eta ahuldadeak inoiz baino ageriago geratzen ari direla. Hala ere, duela berrogei urte pasatxo bide hura aukeratu izana defendatzen dugunok ez dugu inoiz gabeziarik ezkutatu, ez dugu inoiz etsipenik disimulatu. Baina unerik txarrenetan ere —ez da oraingoa samurrena— beti pentsatu izan dugu harro egoteko moduan daudela erabaki haiek hartu eta urrats haiek eman zituztenak. Gure omen eta esker ona merezi dutela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Mikel P. Ansa

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Emakume bat Zisjordaniako Bani Naim herrian maskarak saltzen, hil hasierako irudi batean. ©ABED AL HASHLAMOUN / EFE

Palestinako kasuek gora jarraitzen dute, neurriak gogortu arren

Ander Perez Zala

PANek 11.000 positibo baino gehiago baieztatu ditu, eta haren diru sarrerak %80 txikitu dira

Adinekoen aldeko mezua. ©L. J / FOKU

Eguneko zentroak berriz martxan ipiniko dituzte

Berria

Orain bi aste, COVID-19aren kasuen igoerak arduratuta, eguneko zentroak ixtea komeni zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna