Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

La eta Le

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
La 1934ko ekainaren 15ean jaio zen eta 2008ko abenduaren 1ean hil zen. Abeslaria, musikagilea eta medikua izan zen. Ez Dok Amairu taldeko kidea izan zen, Jose Anton Artze,Benito Lertxundi edo Jose Angel Irigarairekin batera, besteak beste. 30 urterekin argitaratu zuen lehen diskoa; 71rekin, azkena.

Le 1944ko apirilaren 5ean jaio zen eta 2010eko abenduaren 4an hil zen. Idazlea, poeta, kantaria eta politikaria izan zen. Ez Dok Amairu taldeko kidea izan zen, Jose Anton Artze,Benito Lertxundi edo Jose Angel Irigarairekin batera, besteak beste. 30 urterekin argitaratu zuen lehen diskoa; 66rekin, azkena.

Laren musika-lanak hiru esparru jorratu zituen: kantu tradizionalak gizarteratzea, garaiko olerkari askoren testuak musikatzea, eta sorkuntza bide berriak esperimentatzea. 16 tituluz osatutako diskografia utzi zuen.

Leren musika-lanak hiru esparru jorratu zituen: kantu tradizionalak gizarteratzea, garaiko olerkari askoren testuak musikatzea, eta bere testu poetikoak kantu bihurtzea. 12 tituluz osatutako diskografia utzi zuen. Leren lan literarioak, bestalde, poesia soziala, existentzialismoa eta bizitzaren zentzua bera landu zituen. 9 tituluz osatutako bibliografia utzi zuen, antzezlanak barne.

La 1964an ezkondu zen maitasunean ez ezik, kulturgintzan ere bidaide izango zuen lagun batekin. Le 1968an ezkondu zen maitasunean ez ezik, kulturgintzan ere bidaide izango zuen lagun batekin.

Laren lan ezagunak dira Txoria txori, Baga-biga-higa edo Leren letraz osatutako Izarren hautsa. Leren lan ezagunak dira Xalbadorren heriotzean, Habanera edo Etxepareren letraz osatutako Kontrapas.

Laren diskoetan entzun ditugu Gabriel Aresti,Joxan Artze, DanielLandart, Xabier Lete, SalvadorEspriu, BertoltBrecht, Johann Sebastian Bach, AmaliaRodrigues, Ataualpa Yupanqui edo Bob Dylan. Leren diskoetan entzun ditugu Xenpelar, Bilintx, Elizanburu, Barkoxeko Etxahun, Pedro Mari Otaño, Txirrita, Basarri, Uztapide, Xalbador, Lazkao Txiki, Gabriel Celaya, Cesare Pavese, Georges Brassens, Lluis Llach, Jacques Brel edo Leonard Cohen.

Lak, bizi zela, Korrikaren omenaldia jaso zuen, eta jakin zuen Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko zuela ere, baina eman aurretik hil zen. Lek, bizi zela, Euskadi Literatur saria jaso zuen, eta Ohorezko Euskaltzain eta Jakiundeko kide izendatu zuten.

Lak, hil eta gero, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen, baita Donostiako Udalaren Urrezko Domina eta Adarra Sariak ere. Lek, hil eta gero, ez zuen dominarik edo saririk jaso.

Lak egun Katedra bat du, www.bereizena.eus webgune bat, plaza bat Leioan, plaza bat Donostiako Antiguan, pasabide bat Urumea ibaiaren gainean Donostian, plaza bat Usurbilen, kale bat Lekeition, kantu bat, dokumental bat eta bere izeneko sorkuntza sari bat.

Lek egun bere izeneko poesia sari bat du.

Da Vinciren Gioconda edo Picassoren Gernika? Dalíren Memoriaren persistentzia edo Michelangeloren Adamen sorrera? María Callas edo Luciano Pavarotti? Vivaldiren Lau urtaroak edo Mozarten Txirula magikoa? New Yorkeko Askatasunaren Estatua edo Gizako Esfingea? Pele edo Maradona? Londreseko Big ben dorrea edo Pariseko Eiffel dorrea? Karpov edo Kasparov? Mont Saint-Michel edo Bosco Verticale? Beltxargen aintzira edo Intxaur-hauskailua? Carmen edo Traviata? Biblia edo Korana? Ehun urteko bakardadea edo Kixote? Txirrita edo Uztapide? Txekhov edo Shakespeare? Neruda edo Lorca? Oteiza edo Txillida?

La: Nahiz eta heriotza, Oroitzen zaitudanean ama, Zaude lasai, Munduaren esker ona.

Le: Ez esan maite, Amodio amore, Neguaren zai, Jardin bat zuretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.