Donostiako 66. Zinemaldia

Judi Dench aktore britainiarrari ere emango diote Donostia saria

'Shakespeare in Love' filmarekin Oscar saria irabazi zuen, eta M izan zen James Bonden zazpi filmetan. Hilaren 25ean jasoko du saria

Judi Dench aktorea, iaz, Veneziako Mostran, Victoria & Abdul filma aurkezten. ETTORE FERRARI / EFE.
Andoni Imaz.
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko eszenako izen handia da Judi Dench (York, Erresuma Batua, 1934): zazpi aldiz izendatu dute aktorerik onenaren Oscar sarirako —lehen hirurak taldeko aktore lanean, hurrengo laurak protagonista lanean—, eta taldeko emakumezko aktorerik onenaren saria irabazi zuen 1999an, Ingalaterrako Elisabet I.aren antzezpenagatik Shakespeare in Love filmean (John Madden, 1998). Aurten, lehen aldiz etorriko da Donostiako Zinemaldira, eta 66. edizioan iragarri duten hirugarren Donostia saria emango diote, Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarrarekin eta Danny DeVito aktore, zuzendari eta ekoizle estatubatuarrarekin batera.

Irailaren 25ean emango diote saria, eta Red Joan filma (Trevor Nunn, 2018) proiektatuko dute ondoren. Datozen asteetan estreinatuko da lana, Torontoko Zinemaldian. Filmean, bizimodulasaia daraman emakume batena egingo du Denchek. Bizitzazeharo aldatuko zaio, ordea,bat-batean Erresuma Batuko zerbitzu sekretuek Errusia komunistari informazioa ematea leporatzean.

Oscar saria ez da aktorea Shakespearerekin lotzen duen gauza bakarra, 1961ean Royal Shakespeare Companyn hasi baitzen lanean. Izan ere, kamera aurrean aritu baino lehen, agertokietan egin zuen Denchek bere bidea. Londresko Old Vic eta The National antzoki entzutetsuetan antzeztu zuen, besteak beste, eta hainbat lan egin zituen ondorengo urteetan.

1960ko hamarkadan hasi zuen zinemako ibilbidea, eta berehala aitortu zuten haren lana. Four in the Morning (Anthony Simmons, 1965) bigarren filmean egindako lanagatik, saria eman zion Britainiar Zinemagintza eta Telebistako Akademiak: Rol Nagusietarako Etorkizun Oparoko Hasiberria. Baita bete-betean asmatu ere: ibilbide oparoa izan du ordutik Denchek, eta makina bat zinemagile ezagunekin aritu da lanean: besteak beste, Clint Eastwoodekin, Stephen Frearsekin, James Ivoryrekin eta Sam Mendesekin.

Pertsonaia gogoangarri askoren rolean aritu da sarri. Viktoria erregina izan zen Mrs Brown filmean (John Madden, 1997); Armande Voizin xelebrea Chocolat-en (Lasse Hallstrom, 2000); Iris Murdoch nobelagilea Iris-en (Richard Eyre, 2001); ezohiko antzerki enpresaria Mrs Henderson Presents-en (Stephen Frears, 2005); eskarmentu handiko historia irakaslea Notes on a Scandal-en (Richard Eyre, 2006); lapurtu dioten semearen bila ari den ama Philomena-n (Stephen Frears, 2013); eta berriz ere Viktoria erregina Victoria & Abdul-en (Stephen Frears, 2017).

Gainera, MI6 Erresuma Batuko zerbitzu sekretuko burua, M, izan da James Bond agentearen zenbait filmetan. Rol hori jokatu duen emakumezko aktore bakarra da; Bernard Lee, John Huston, David Niven, Edward Fox, Robert Brown eta Ralph Fiennes izan dira beste M-ak. Dench zazpi filmetan aritu da M-ren rolean: GoldenEye-n (Martin Campbell, 1995) aurrenekoz eta Skyfall-en (Sam Mendes, 2012) azkenekoz—nahiz eta Spectre-n (Sam Mendes, 2015) cameo bat egin zuen—.

Red Joan elkarrekin egin duten lehen filma da, baina Trevor Nunn zuzendariak eta Denchek agertokietan elkar ezagutu dute, batera lan egin izan baitute. Donostiako Zinemaldia ere ezagutzen du zuzendariak; Sail Ofizialean aurkeztu zituen bi film: Lady Jane (1996) eta Twelfth Night or What You Will (1996).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.