PROPOSAMENAK

Atmosferara eta buelta

Atmosfera aztertzeko globo estratosferiko bat egingo dute Donostiako Tabakaleran, bihartik larunbatera. 35.000 metroko altuera hartuko du

June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Globo estratosferiko bat egiteko tailer bat egingo dute Aranzadi zientzia elkarteak eta Hirikilabsek, kultura digitalaren eta teknologiaren laborategiak, bihartik hilaren 10era, Donostiako Tabakaleran. Parte hartzeko izena eman behar da webgunean, eta gaur da azken eguna.

Mundu osoko zientzialariek erabiltzen dituzte altitude handiko globoak edo globo estratosferikoak: atmosfera ikertzeko, klima aztertzeko edo estratosferatik lurraren argazkiak ateratzeko balio dute, besteak beste.

Hirikilabsek talde irekien proiektu bat du herritarrekin batera zientziarekin lotutako proiektuak garatzeko. Talde batek atmosferaren egoera aztertzeko globoa bidali nahi zuen, eta, beraz, tailerrean egingo dute.

Tailerraren lehenengo egunean, bihar, horrelako misio bat martxan jartzeko beharrezkoak diren ezagutza eta materialak errepasatuko dituztela adierazi dute antolatzaileek. «Besteak beste, irrati bidezko jarraipen eta lokalizazio sistemak, jaurtiketaren inguruko legedia eta ezaugarri fisikoak, edo hegaldiaren ibilbideari dagozkion kalkulu eta parametroak aztertuko ditugu», azaldu du David Pello Hirikilabseko kideak.

Bigarren egunean globoa guztiz osatuko dute, falta diren azken ukituak emanez. Azkeneko egunean, globoa jaurtiko dute, 35.000 metrotara: erortzean, bildutako datuak aztertu eta publikatu egingo dituzte. «Esperientzia ederra da globoa sortzea,atmosfera aztertzeko aukera ederra da. Gainera, lurraren kurbatura ikusiko denez, lurra laua dela diotenentzat egokia izango da», azaldu du Pellok.

Globo estratosferikoa



Bihartik 10era, DonostiakoTabakaleran (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.