Proposamenak

Zelaia berriz beteko da

Olarizuko Erromeria egingo dute etzi Gasteizen. Dantza saioak, musika doinuak edo buruhandien kalejirak egongo dira egun osoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Euskal doinu tradizionalekalaituko dituzte Gasteizko Olarizuko zelaiak astelehenean. Urtero legez, Olarizuko Erromeria ospatuko dute egun osoan. Herri kirolak, euskal dantzak eta gastronomia egitasmoak ez dira faltako XIX. mendeaz geroztik ospatzen den egun horretan. Hain zuzen ere, Andra Mari egunaren —irailaren 8a— osteko lehen astelehenean ospatzen da festa.

Goizean goiz ekingo diote egunari, mugarriak ikustera joateko ibilbidearekin. Ibilaldia Gasteizko Plaza Berrian hasi, eta Miñao herrian amaituko da. Bertaratuek aukera izango dute gutxi gorabehera hamar kilometroko ibilbidean dauden mugarriak ezagutzeko. Ostean, Olarizuko zelaia ekintzaz josiko da.

Ibilaldiko izerdiei aurre egiteko, babarrun jana egingo dute Olarizuko mendi tontorrean,13:00etan. Arabako babarrun nabarra dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Tripak bete ostean, berriz, Udal Gobernuko kideei harrera egiteko ordua izango da. Udal Txistulari Banda ere han egongo da.

Arratsaldeko bostetan, berriz, aukera ugari egongo dira: haur eta gazteentzako jolasak, erraldoi eta buruhandien kalejirak eta dantzaldiak izango dira. Esate baterako, Tximeleta taldea arituko da ingurua musikaz alaitzen. Ostean, herri kirolak eta euskal dantzak egongo dira.

Egunari amaiera emateko, berriz, Udal Gobernua erromeriatik itzuliko da, 20:00etan. Alboan izango ditu txistulariak, trikitilariak eta gaita jotzaileak. Azkenik, zezensuzkoa egongo da Plaza Berrian, jaialdiari amaiera emateko asmoz; 20:45ean izango da.

Olarizuko Erromeria



Etzi, 09:00etatik 21:00etara, Gasteizko Olarizuko zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.